Enplegua

Hamar landunetik ia seik bizilekutik kanpo egiten dute lan

Eustaten arabera, EAEn Araba da higikortasun txikiena daukan lurraldea.

Auto ilarak A8ko Zarauzko ordainlku parean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 8a
14:31
Entzun

Lanera joateko autoa, autobusa, trena edo bizikleta hartzea ohikoena da langile gehienentzat. Bai, behintzat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landunen kasuan; izan ere, Eustaten azken azterketen arabera, pertsona okupatuen %58,6k lan egiten dute bizilekua ez den beste udalerri batean. Guztira, EAEko hamasei urtetik goragoko 531.182 pertsonak egiten dute behar beste udalerri batean.

Interesgarria da lan kontuek eragindako mugikortasunari hainbat ikuspegitatik erreparatzea. Geografiari dagokionez, egunero herriz edo hiriz lekualdatzen diren landunen %52 lurralde bereko beste herri edo hiri batera joaten dira (473.263 pertsona): %4,3 EAEko beste lurralde batera joaten dira (39.408 pertsona); %1,6 beste autonomia erkidego batera (14.736 pertsona); eta %0,4 atzerrira (3.775 pertsona). Ezinezkoa da jakitea zein den euskal lurraldeen arteko benetako mugikortasuna, Eustatek beste autonomia erkidegoen multzoan sartzen baitu Nafarroa, eta atzerriko multzoan, berriz, Ipar Euskal Herria.

Bestalde, emakumeen artean ohikoagoa da bizilekuan bertan behar egitea gizonezkoen artean baino. Emakume okupatuen %45,2k egiten dute lan bizilekuan, eta gizonezkoen %38k.

Higikortasun txikiena, Araban

Lurraldeka, Eustatek Araban erregistratu du lan kontuek eragindako higikortasun txikiena: hamar pertsona okupatutatik zazpik egiten dute lan bizilekuan. Gipuzkoan, aldiz, hamarretik lauk bakarrik egiten dute lan bizilekua bertan, eta Bizkaian hamarretik hiruk. Estatistika institutuararen arabera, Gasteizen efektuak eragiten du Araban mugikortasuna hain txikia izatea.

Eskualdeei dagokienez, honakoak dira lan higikortasun handiena daukatenak: Gorbeia ingurua (%83,3k lan egiten dute beste udalerri batean), Plentzia-Mungian (%82,9), Arabako Ibarretan (%81,7), Arratia-Nerbioin (%80,3), eta Tolosaldean (%79,2). Aldiz, beste eskualde hauetan dago higikortasun txikiena: Arabako Lautadan (%19,4) —hor igartzen da Gasteizen efektua—, Donostialdean eta Debagoienan (%54,2), eta Arabako Errioxan (%55,3).

Herri txikiagoa, higikortasun handiagoa

"Bereziki biztanleria urriko udalerritan gertatzen da lan kontuengatiko lekualdatze gehien, 1.000 biztanle baino gutxiagokoetan", azaldu du Eustatek ohar batean. Eta lekualdatze handienak dituzten herri txikien artean aipatu ditu Gaztelu, Sukarrieta, Fruiz eta Arantzazu. Herri horietan hamar pertsonatik bederatzik lan egiten dute bizilekutik kanpo. "Alderantzizko norabidean, lan higikortasun txikiena hiriburuetan erregistratzen da, eta baita tamaina erdiko udalerri batzuetan ere", hala nola, Gipuzkoako Irunen, Oñatin, Arrasaten eta Azpeitian, eta Arabako Guardian, Eskuernagan eta Eltziegon.

Lurralde arteko lekualdatzeei dagokienez, Araban bizilekua duten pertsona okupatuak, bereziki, Bizkaira joaten dira lanera (%4,8), eta %2 bakarrik Gipuzkoara. Halaber, bizkaitarrak berdintsu joaten dira Arabara (%2,3) eta Gipuzkoara (%2). Bestalde, Gipuzoako landunen %2,3 joaten dira lanera Bizkaira, eta %0,9 baino ez Arabara.

Hau da, Arabak EAEko beste lurraldeetako 13.700 behargin hartzen ditu, Gipuzkoak 12.220 eta Bizkaiak 10.229.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.