Finantza publikoak

Iaz 116 milioi euroko superabita izan zuen Nafarroak

Zor publikoa 3.441 milioi eurokoa da, iragan urtean 187 milioi gutxitzea lortu ostean

Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilaria eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
joxerra senar
2019ko otsailaren 8a
13:10
Entzun

Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariari hilabete gutxi geratzen zaizkio kargua uzteko, eta, bere hitzetan, egun kontu publikoak "osasuntsu" daude. Iazko kontu publikoen zifra handiak biribildu ditu gaur Aranburuk.

Iragan urtean bezala, superabitarekin itxi zuen urtea Nafarroan: iragan urtean gastu publikoarekin alderatuta 116 milioi euro gehiagoko diru sarrerak izan zituen. Hala ere, 2017an, gastu-araua ez zuen. bete eta horrek arazoak eragin zizkion Espainiako Gobernuaren baimena behar izan zuelako superabitaren zati bat inbertsioetarako erabiltzeko.

Iaz, berriz, Aranbururen arabera, BPGren %2,4ko gastu-araua bete du Nafarroak —dena den, zifra ez da erabat itxiko urrira arte—. Superabita BPGren %0,6koa izan da, eta Espainiako Gobernuak  %2,4ko gastu-araua ezartzen die administrazioei —aurrekontu kudeaketara diziplina neurri honek galerazi egiten du 2017ko aurrekontua baino %2,4 baino gehiago gastatzera-.

"Aurrekontu egonkortasunaren helburuak bete ditugu", aipatu du Aranburuk. Aranburuk zehaztu du urtebete lehenago aurrekontua egiterakoan aurreikusi baino 60 milioi euro inguru gehiago bildu dituztela zerga bidez. Gainera, aurrekontuaren gastua %100ean ez da bete.

Espainiako Gobernuak gehienezko zor publikoaren muga ezartzen die autonomia erkidegoei —egun BPGren %17,7koa da—, eta uneotan Nafarroak %16,8koa du; hau da, langa horren azpitik dago (202 milioi eurokoa da aldea). Iaz, hain zuzen, 187 milioi euro gutxitu zuen zorra, eta egun hartzekodunei 3.441 milioi euro zor dizkie guztira. Aranburuk zorra gutxitzeko beharra azpimarratu du, "etorkizuneko belaunaldiei lasta bat kentzea esan nahi duelako". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.