Bilboko Portua

Bilboko Portuko merkantzia trafikoa %23 hazi da azken bost urteetan

35,6 milioi tonako merkantzia izan zuen iaz Bilboko Portuak, 2017an baino %4 gehiago. Erresuma Batua da lehen merkatua, %10eko trafikoarekin, eta, horregatik, brexit-aren harira Europari jarrera bateratua eduki dezala eskatu dio.

jarraia162611.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko otsailaren 8a
13:12
Entzun

Bilboko Portuarentzat urte ona izan zen iazkoa. Merkantzia mota guztien trafikoan gora egin zuen, eta horregatik gustura azaldu da Ricardo Barkala portu agintaritzako presidentea. 35,6 milioi tonako trafiko orokorra izan zuen, 2017an izan zuena baino %4 handiagoa. Azken bost urteetan, denetara %23 hazi da trafikoa Bilboko Portuan. 2013an hasi zen sumatzen susperraldi ekonomikoa portuan, eta, orduz geroztik, urtero gora egin du bertako trafikoak. Plan estrategikoan, aurreikusita dago trafikoen kopurua 37 milioi tonara iristea 2022. urterako, eta kopuru horietara lehenago iritsiko direla espero du Barkalak.

Trafiko igoera horren barruan, petrolio gordinarena eta produktu kimikoena hazi ziren gehien: 973.000 tona gehiago lehenarena, eta 286.000 tona bigarrenarena. Hazkunde horien eraginez, produktu likidoen trafikoa 20,5 milioi tonara iritsi zen, %3,5 haziz. 2.925 itsasontzi amarratu zituzten Santurtziko nasetan —2017an baino 70 gehiago—, eta itsasontzi horien batez besteko tamaina %2,6 handiagoa izan zen. Produktu likidoen hazkundearen eragina izan zen hori, Barkalaren arabera.

Bilboko Portuko kontainerren trafikoak, bestalde, inoizko daturik onenak izan ditu. 638.447 kontainer iritsi ziren, 2017an baino %5,5 gehiago. Presidentearen hitzetan, horretan eragina izan du Cosco konpainia txinatarrak kontainerren garraioa kudeatzen duen Noatumeko gidaritza hartu izanak. Baina Bilboko Portuko kontainerren trafikoan beste konpainia batzuk ere badaude.

Merkatu nagusiei begira, kezkaren bat ere azaldu du Barkalak. Izan ere, Erresuma Batuak du presentziarik handiena, eta datozen asteetan gauzatu daitekeen brexit-aren inguruko zalantzek eragina izan dezaketela esan du. Hala ere, merkatuaren %10 ordezkatzen duela ere argi utzi du. Edozein modutan, eragina izango lukeelako, Europari eskaera zuzena egin dio: “Jarrera bateratua eduki dezatela, beste portuekin harremanetan gaude eurek nola jardungo duten jakiteko; baina politika bateratu bat behar da; izan ere, batzuek exijentzia gehiago badituzte eta beste batzuek gutxiago, desorekak sortu daitezke”. Bilboko Portua akordiorik gabeko brexit-erako prest dagoela esan du. Areago: “Kantabrikoko portuen artean ondoen prestatuta gaudenak gara”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.