EAE-ko aurrekontuak

Elkarrekin Podemosek bide emango die Jaurlaritzaren bi lege proposameni

Lander Martinez koalizioko bozeramaileak Elkarrekin Podemosen botoa aurreratu du gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Koalizioa abstenitu egingo da langile publikoen soldata eta DSBE igotzeko Jaurlaritzaren proposamenen bozketan.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkura batean. Artxiboko irudia. ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko otsailaren 8a
14:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aurrera aterako ditu bere ardurapeko langile publikoen soldata %2,25 igotzeko proposamena eta DSBE emendatzeko ekinaldia. Elkarrekin Podemosek aurreratu du abstenitu egingo dela, eta, beraz, gobernuak ziurtatuta du beharrezko boto kopurua. Bestalde, Martinezek argitu du Itunpeko ikastetxeen hitzarmena berritzeko Jaurlaritzak aurkeztu duen proposamenaren kontra bozkatuko dutela. Beraz, gobernuak EH Bilduren edo PPren babesa edo abstentzioa lortu beharko ditu legebiltzarrak egitasmoa onartzeko.

Lander Martinez koalizioko bozermaileak aurreratu du Elkarrekin Podemosen botoa zein izango den, Eusko Legebiltzarraren kontrol saioan, Iñigo Urkullu lehendakariari zuzendu dion galdera batean. Azaldu duenez, Elkarrekin Podemosek "jendearentzako erabilgarri" izan nahi du eta "pertsonen bizi baldintzak hobetzeko konpromisoa" beteko du. Martinezen esanetan, bere taldearen botoa abstentzio "kritikoa" izango da.

Urkulluren gobernuak DSBEa %3,5 igo nahi du, eta, babes laguntza hori jasotzen duten pentsiodunen kasuan, %4,5. Elkarrekin Podemosi ez zaio igoera nahikoa iruditzen eta DSBE gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzen jarraituko duela ziurtatu du, baina ez du Jaurlaritzaren proposamena onartzea eragotziko.

Langile publikoen soldatari dagokionez, azaldu dute ez daudela ados %2,25eko igoera administrazioko goi karguei ere ezartzearekin.

Bi neurri horiek eta itunpeko ikastetxeen hitzarmena berritzeko proposamena ekinaldi bakarrean bilduta aurkeztu zituen Jaurlaritzak, eta horrek oposizioko indarren haserrea piztu zuen. Salatu zuten proposamen bakoitzak behar duen eztabaida eta eragotzi nahi zuela gobernuak. Azkenean, Jaurlaritzak atzera egin du eta hiru proposamen bereizitan aurkeztu ditu neurriak. Proposamenak hilaren 14an eztabaidatuko dira.

EH Bilduk eta PPk ez dute argitu zer bozkatuko duten Jaurlaritzaren proposamenen eztabaidan. EH Bilduk Jaurlaritzaren proposamenetan "sakoneko aldaketak" behartzeko asmoa zuela adierazi du Iker Casanova koalizioko legebiltzarkideak. Casanovak aitortu du Elkarrekin Podemosen erabakiak "murriztu" egin duela aukera hori. Hala ere, EH Bilduk elkarrizketa esparruak irekitzeko lanean jarraituko duela adierazi du. Elkarrekin Podemosi leporatu dio Jaurlaritzari "txeke zuri bat" ematea, "zailtasun" egoeran dagoenean.

Urkullu lehendakariak, berriz, Jaurlaritzaren proposamenak babestera deitu du EH Bildu. Ohartarazi dio "aukera paregabea" duela "151.000 familia baino gehiagorentzako zerbit positiboa eta zehatza" egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.