Arte eszenikoak

Aurreko asteburura ere luzatuko du programazioa dFeriak

Boterea izango da aurtengo gaia, eta emanaldien ia bi herenak estreinaldiak izango dira Euskal Herrian.

Dferiaren aurkezpen agerraldia, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Miren Garate.
2019ko otsailaren 8a
13:48
Entzun

Boterea taularatuko du aurtengo dFeria Arte Eszenikoen jaialdiak. Zerbait egiteko edo zerbait izateko ahala izan daitekeen arren, Norka Chiapusso jaialdiko zuzendariaren esanetan, beste adiera bati begiratuko diote; alegia, nagusitasun hegemonikoa izateko edo aginte gorena islatzeko gaitasunari. Aukeraketan arrazoia ere aipatu du: "Boterea erabiltze hutsetik boterea gehiegikeriaz erabiltzera pasatzea izan da protagonista azokaren 25 urteetan gehien txalotu diren ikuskizunetan". Martxoaren 11tik 14ra izango da aurten azoka "ofiziala", Donostian. Alabaina, aurreko astebururako ere programatu dituzte zenbait emanaldi, jaialdia 25. aldiz egingo dela ospatzeko.

Hauek dira jaialdiaren datuetako batzuk: 32 konpainia ariko dira oholtza gainean, eta 33 ikuskizun eta 36 emanaldi eskainiko dituzte; ikuskizun horietatik %63 lehen aldiz eskainiko dira Euskal Herrian; eta diziplinei dagokienez, %42 dantza ikuskizunak izango dira, %40 antzerkia eta %18 diziplina anitzak. Horiek bertatik bertara jarraitzeko, berriz, 400 akreditazio inguru banatuko dira.

Alde horretatik, dFeria ezinbesteko bilakatu dela arte eszenikoen esparruan nabarmendu du Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Hezkuntza ordezkariak. "Ez da ohiko jaialdi bat, azoka bat da eta profesionalei bideratuta dago, topaketak egiteko gunea da, zubiak eraikitzeko gunea... horrek ematen dio izaera berezia". Sendotu egingo dituzte profesionalen arteko topaketak, eta emanaldiekin batera, aurkezpenak, neurrira egindako topaketak, bilerak eta bestelako jarduera paraleloak ere izango dira. Aurtengo berrikuntzen artean, nabarmendu du azoka hasi baino pare bat egun lehenago, martxoaren 9an, kalera aterako direla, baina egitasmo horri buruzko xehetasunak aurrerago emango dituzte.

dFerian izango diren emanaldietako batzuk nabarmendu ditu Chiapusok: antzerkian, Shakespeareren bi lan izango dira, Arriaga Antzokiaren Macbeth eta Atalaya Teatroren Rey Lear; antzerkigile horrek "inork baino hobeto islatu zituelako boterearen itzalak". Tanttakak Como un viento helado lana aurkeztuko du, senideen arteko boterearen eta afektibitatearen inguruan ari den lana;  Kolonbiako Teatro Petrak Yo no estoy loca ekarriko du Donostiara; eta Kolonbiako beste konpainia batek, La Maldita Vanidad izenekoak, Promesa del año. Azken horren Europako estreinaldia izango da, eta dFeria amaitutakoan ere, asteburu horretan, hirian izatea nahi dute.

Dantzan, Italiako Alessio Natale konpainiak The Place lana ekarriko du Donostiara, eta Evie Demetriouk The More You Dance, The more you get. "Harribitxi" moduan, Mari Paularen Retrópica emanaldia, "kultura zerbait hermetikoa den ikuspegiarekin hausten duena", eta Lava dantza konpainiaren Berding the walls aipatu ditu, "askotan etorri da Donostiara, eta merezi duen sortzaile horietako bat da".

25. aldiz egingo da aurten, baina ez da orain dela 25 urte sortuko jaialdia. 1988an egin zen estreinakoz, eta antzerkiari lotutako egitasmoa zen hasieran. Aurrerago sartu zuen dantza ere, eta gaur egun arte eszenikoen azoka da. "Teknologia sartzen asmatu du, berrikuntzei eta gizarteak nahi duenari erantzuten, eta erakuslehio da euskal ekoizpena erakusteko ere", esan du Insaustik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.