Espainiako aurrekontuak

Espainiako Gobernuak amaitutzat eman ditu negoziazioak

Carmen Calvo presidenteordeak adierazi du alderdi katalan independentistek uko egin diotela "alderdien mahai bat" sortzeari: "Ez dute onartzen Kataluniarako zehaztu dugun esparrua". PDeCATek eta ERCk osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete aurrekontuei.

Carmen Calvo Espainiako presidenteordea, prentsaurrekoan. EFE
ander perez zala
2019ko otsailaren 8a
16:07
Entzun

Calvok adierazi duenez, Espainiako Gobernua "beharrezkoak diren zubi guztiak eraikitzeko prest" dago, baina azken eskaintzak ez duenez jasotzen ez autodeterminazio eskubidea ezta erreferenduma ere, alderdi independentistek ezezkoa helarazi diote. Marra gorri horri eutsi dio Espainiako presidenteordeak: "Gobernu honek ez du inoiz onartuko autodeterminazio erreferendum bat. Onartezina da. Hamaika aldiz esan dugu".

Madrilek publiko egin du alderdi katalan independentistei helarazi dien dokumentua. Han jaso du alderdien mahai bat osatzeko aukera; proposamenaren arabera, "alderdi bakoitzeko bi ordezkarik" eta Espainiako eta Kataluniako gobernuek osatuko lukete; eta mahai hori koordinatuko luke "elkarrizketarako baldintza egokiak sortzeaz arduratuko den pertsona batek". Ez du, beraz, kontalari hitza erabili figura hori deskribatzeko. Gobernuaren asmoa zen mahai hori osatzea hilabetea amaitu baino lehen, baina, Calvoren arabera, alderdi independentistek uko egin diote proposamen horri.

Espainiako presidenteordeari erantzuteko, premiazko agerraldia egin dute Elsa Artadi Kataluniako Gobernuaren eledunak eta Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak —biek parte hartu dute negoziazioetan, Generalitatearen izenean—. Artadik deitoratu du Espainiako Gobernuaren erabakia, eta egotzi dio "demokraziaren eta politikaren aurka daudenen aurrean" amore ematea, alderdi eskuindarrei erreferentzia eginez.

Bide beretik, Aragonesek ohartarazi dio autodeterminazioari uko egitea ez dela hizketetarako baldintza bat: "Hori egitea atxikimendu bat litzateke, ez negoziazio bat". Hala ere, jakinarazi du Generalitateak negoziazio mahaian jarraituko duela, "arazo politikoek irtenbide politikoak" behar dituztela argudiatuta.

Datorren asteartean eta asteazkenean eztabaidatuko dituzte aurrekontuak Espainiako Kongresuan. PDeCATek eta ERCk oso zuzenketak aurkeztu dizkiete, eta lehen alderdiak soilik agertu da hizketan jarraitzeko prest. Bi alderdi horien babesik gabe, Sanchezek ia ezinezko izango du aurrekontuak aurrera eramatea; horregatik, hauteskunde orokorrak aurreratzeko aukera zabalik utzi du Calvok. "Aurrekonturik gabe, legegintzaldia laburtuko da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.