Zinema

Albert Finney aktore ingelesa hil da

Antzokietan hasi, eta zinemaren munduan gero, ibilbide profesional luzea osatu zuen. Beste askoren artean, Two for the Road (1967), Murder on the Orient Express (1974), Miller's Crossing (1990), Erin Brockovich (2000) eta Big Fish (2003) filmetan egin zuen lan. 82 urterekin hil da.

Albert Finney, 'Miller's Crossing' (1990) filmeko eszena batean. BERRIA
Ainhoa Sarasola.
2019ko otsailaren 8a
18:04
Entzun

Salforden (Erresuma Batua) 1936an jaio zen Albert Finney, hark esan izan zuen moduan, "klase ertain-baxuko" familia batean. Baliabide faltagatik, ezin izan zuen unibertsitatean sartu, baina laster bideratu zuen bere gogoa arte dramatikoaren esparrura: Royal Academy of Dramatic Arten egin zituen ikasketak, eta Royal Shakespeare Companyn sartu zen gero.

Antzokietan dramaturgoaren hainbat obra interpretatu ostean, 1960. urtean egin zuen jauzi zinemara. The Entertainer filmarekin egin zuen debuta, eta Saturday Night and Sunday Morning lanean parte hartu zuen urte berean. Hiru urtera, Oscar sarietarako izendatu zuten Tom Jones (1963) filmean egindako lanagatik —Volpi kopa irabazi zuen Venezian rol horri esker—. Bere ibilbidean lortutako Oscarretarako bost izendapenetatik lehena baino ez zen izango: Murder on the Orient Express (1974), The Dresser (1983) —Berlinen Zilarrezko Hartza irabaztera eraman zuena—, Under the Volcano (1984) eta Erin Brockovich (2000) filmetan egindako interpretazioengatik ere izendatu zuten, azken horretan taldeko aktore onenaren kategorian. Ez zuen inoiz garaikurra eraman, baina bai bestelako sari ugari, tartean, hiru Urrezko Globo eta bi Bafta.

Antzerkia, zinema eta telebista tartekatu zituen bere ibilbidean, eta 40tik gora filmetan parte hartu zuen, tartean, Two for the Road (1967), Miller's Crossing (1990) eta Big Fish (2003) lanetan, beste askoren artean.

Berriki gaixotu ondoren, 82 urterekin hil da, haren familiak jakitera eman duenez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.