estatus politikoa

Sanchez: "Sekula ez dugu onartuko autodeterminazioa"

Barakaldon izan da Espainiako Gobernuko presidentea, PSE-EEren ekitaldi batean. Hizpide izan du Katalunia; "elkarbizitza" eta autogobernua proposatu ditu.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea —erdian–, gaur, Barakaldon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko otsailaren 9a
19:25
Entzun

"Katalan independentismoak aldarrikatzen duen autodeterminazioa ez da [Espainiako] Konstituzioan sartzen, eta ez dugu sekula onartuko". Hala esan du gaur Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Barakaldon (Bizkaia), BECen, Alfredo Retortillo PSE-EEren alkategaiaren aurkezpenean. 

Sanchezen ustez, eztabaida ez da independentzia bai ala ez; "eztabaida da elkarbizitza bai ala ez". Hartarako, adierazi du elkarrizketa eta konstituzioaren errespetua defenditzen dituela; "eta, batez ere, irtenbidea ez da gauzak dauden bezala uztea, ezta independentzia ere". Gobernuburuak esan duenez, PSOEk eta Espainiako Gobernuak nahi dutena "blokeen dinamika" gainditzea da, eta Kataluniarako autogobernua proposatzea. Katalunian 2006an egin zuten estatutu berriari buruzko errerenduma, eta onartu egin zen, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean moztu egin zituen ardatz nagusiak. "Konstituzioaren barruan, dena; handik kanpo, ezer ez", esan du Sanchezek Barakaldon, 1.500 lagunen aurrean.

Hilaren 12an hasiko da katalan preso independentisten aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Gorenean.

Bihar Madrilen, espainiar eskuindarrek deituta, Sanchezen aurkako manifestazio bat egingo dute, katalanekin hizketan ari delakoan. Martxa deitoratu du gobernuburuak. "Zuri-beltzeko Espainia ikusiko da". 

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ere gaitzetsi du manifestazioa. "Lehen ere [2005-2007 prozesuan] traidoretzat jo gintuzten, baina ETA bukatzea lortu genuen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.