Osakidetza

Hilero greba egun bat egingo dute lehen arretako medikuek

Salatu dute Osakidetzako langileen lan baldintzak okertu direla eta zerbitzuaren kalitateak okerrera egin duela. Manifestazio bat egin dute Gasteizen, eta txosten bat igorriko diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari beraien eskaerekin.

Lehen arretako medikuek Gasteizen eginiko manifestazioa
Lehen arretako medikuek Gasteizen eginiko manifestazioa / Jaizki Fontaneda (Foku)

Jokin Sagarzazu -

2019ko otsailak 9

Grebara deitu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun publikoko lehen arretako 600 profesional inguru biltzen dituen LAA Lehen Arreta Arnasberritzen taldeak. Hilero greba egun bat egingo dute. Martxoaren 15ean, apirilaren 12an eta maiatzaren 17an. Data horiek, baina, ez dira finkoak, alda ditzakete, taldeko bozeramaile Eneko Ibarrurik azaldu duenez.

Batzarra egin dute LAAko 300 kidek Gasteizen, eta gero, manifestazioa. Bileran adostu dute 63 eskaera jasotzen dituen txosten bat; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari bidaliko dizkiote proposamenak. Salatu dute krisialdi ekonomikoa aitzakia hartuta egindako murrizketek gogor astindu dutela lehen mailako arreta.

Hainbat motibo zerrendatu dituzte beren lan egoera kaskarraren berri emateko. Nabarmendu dute zailtasun handiak dituztela eguneroko martxan: pazienteak behar bezala artatzeko denbora eza, euren jarduna eragozten duen gehiegizko burokrazia, eta langileen ordezkapenik eza, bereziki.

Zentroen artean alde handia dagoela azaldu dute; hori hala, eskatu dute taldeei autonomia gehiago ematea, haiek antolatzeko. Lehen arreta zerbitzua "gertukoa, iraunkorra, orokorra eta koordinatua" izatea nahi dute: horretarako, familia medikuen eta espezialisten arteko elkarlana hobetzea nahi dute, eta gainerako osasun sareekin eta gizarte zerbitzu guztiekin batera osotasun baten parte izatea. Lehen mailako zerbitzuen ospea hobetzeko estrategia bat ipintzea ere eskatu dute.

Lehen mailako zerbitzuen erabilera urtez urte handitzen ari dela gogorarazi dute. Zio asko daude horretarako: gizartearen zahartzea, gaixo kronikoak ugaritzea, etxean artatu beharreko pazienteak, zaintza aringarriak... Aldiz, zerrendatutako arazoen ondorioz sistema ahultzen eta endekatzen ari dela azpimarratu dute, eta horregatik eskatzen dituzte aldaketak.

"Erantzunik ez"

2017ko urrian eratu zuten taldea. Osasun Sailarekin harremanetan izan dira, eta administrazioak lehen mailako arretarako proposatu duen hobekuntza estrategiari proposamenak egin dizkiote, beste hainbat eragilerekin batera; horien inguruan, ordea, ez dutela erantzunik jaso salatu dute.

2018ko uztailean Euskadiko Lehen Mailarako Aholku Batzordea sortu zuen Osasun Sailak, eta eratu zenetik atzo bildu zen aurreneko aldiz, LAAko kideek salatu dutenez. Hor aurkeztu ditu taldeak bere eskaerak. Osasun Sailak, halaber, 2018ko lehen seihilekoan eztabaidarako oinarrizko txosten bat kaleratu zuen lehen arreta zerbitzuari buruz, eta LAAk azaldu du duela sei hilabete aurkeztu zituela bere zuzenketak. Erantsi du txosten horretan jasotzen dela eztabaida bat egitea eragileen artean, baina ez dela egin.