Espetxea

Kalean da Julen Ibarrola, pintaketa batengatik urtebeteko zigorra beteta

Zortziak aldera irten da gaztea Basauriko espetxetik. Lehen harreraren ondoren, ekitaldia egin dute 13:00ean, Amurrion (Araba).

Julen Ibarrola gaztea gaur, kalean, hurbilekoen besarkada jasotzen. @JULENLIBRE_
2019ko otsailaren 10a
11:45
Entzun

Goizeko zortziak aldera irten da Basauriko (Bizkaia) espetxetik Julen Ibarrola gaztea, errotuladore batekin pintaketa bat egitea egotzita urtebeteko zigorra osorik bete ondoren. "Terrorismoa goratzea" egotzi zioten. Aiaraldea.eus hedabideak berri eman duenez, Amurrioko (Araba) sarreran elkartu dira dozenaka senide, lagun eta herritar, Ibarrolari lehen harrera egiteko. Bederatzietarako zuten jarria hitzordu bat herriko gaztetxean. 13:00ean, berriz, ekitaldi bat egin dute herriko kioskoan.


Julen Ibarrolari Amurrion (Araba) egindako harrera, gaur eguerdian. Jaizki Fontaneda / Fou

Julen Libre kontutik ongietorria eman diote Amurrioko gazteari, eta Galder Barbadoren —Ibarrolaren herrikoa da hura ere— eta Aitor Zelaiaren askatasuna eskatu dute. Bi gazteak espetxeratu egin zituzten herenegun, Ertzaintzak atxilotu ondoren.

 Amurriokoa da Alfredo Remirez ere. Hura ere Basauriko espetxean preso egon da berriki arte, eta, Ibarrola atera denean, ongietorria eman dio @erreharria Twitter kontutik.

Bera espetxeratzeko arrazoi nagusia "mendekua" zela salatu zuen Ibarrolak, preso hartu aurretik BERRIAk egindako elkarrizketan: "Herrian gazte mugimenduan egindako lana zigortu nahi dute ni kartzelara bidaliz. Ez dira konturatzen nire ahotsa isilarazi nahian herri oso bat oihuka jartzen dutela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.