Espainia

Sanchezi "traizioa" egotzi, eta hauteskundeak eskatu dituzte Madrilen

Espainia batu baten alde, hauteskundeak orain lelopean, manifestazioa egin dute Colon plazan PPk eta Ciudadanosek. Bat egin dute UPN, Vox, UPD, Falange Espainola, Hogar Social eta España 2000 taldeek ere. Espainiako Poliziaren arabera, 45.000 lagunek hartu dute parte.

Madrilgo Colon plaza, gaur.
Madrilgo Colon plaza, gaur. VICTOR LERENA

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 10

Espainiako banderek hartu dute gaur Madrilgo Colon plaza. EBko batzuk ere ikus zitezkeen. PPk eta Ciudadanosek sustatuta, manifestazio bat egin dute "Espainiaren batasuna" defendatzeko. Eta, bide batez, Pedro Sanchezen gobernuari presio egin eta hauteskundeak eskatzeko. "Puigdemont, kartzelara" eta "Moncloako okupa kanpora" oihuak egin dituzte, besteak beste, manifestariek.

Espainiako presidente Pedro Sanchezi “traizio” egitea egotzi diote amaierako ekitaldian irakurritako manifestuan: "Legeari eta justiziari labankada sartu dio bizkarretik". Espainiako Auzitegi Goreneko epaileei "babesa" adierazi diete, gainera: "Azken egunetako gertakariak gure bizitza demokratikoan aurrekaririk gabeko umiliazio bat dira [Espainiako] Estatuarentzat".

Mobilizazioa eskuin espainiarreko bi alderdi nagusi horiek antolatu badute ere, bigarren lerroan jarriko direla aurreratua zuten, eta hiru kazetariri utziko zietela protagonismoa. María Claver, Albert Castillón eta Carlos Cuestak irakurri dute manifestua: Espainia batu baten alde, hauteskundeak orain. Manifestazio amaieran, hala ere, argazki bateratu bat atera dute Pablo Casadok (PP), Albert Riverak (Ciudadano) eta Santiago Abascalek (Vox), beren kideek lagunduta.

PPk eta Ciudadanosek ez ezik, UPNk, Voxek, UPDk, Falange Espainolak, Hogar Social-ek eta España 2000 taldeak ere bat egin dute deialdiarekin. Antolatzaileek zenbaki apala eman zuten aurreikuspen gisa: gutxienez 20.000 lagun espero dituztela aurreratu zuten. Espainiako Poliziak emandako datuen arabera, 45.000 pertsona inguru izan dira —200.000 zirela esan dute antolatzaileek—. Aipatzekoa da lurralde ugaritatik autobusak jarri dizkietela Madrilera joan nahi zuten jarraitzaileei. Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik eta Getxotik, esaterako, autobus bana atera da.

Casado, Rivera, Valls...

PPko idazkari nagusi Pablo Casado manifestazioan izan da, eta autonomia erkidegoetako buruak izan ditu ondoan. EAEko idazkari nagusi Alfonso Alonso ez da Madrilen izan, Joseba Pagazaurtundua zenaren omenaldian izan baita -ETAk hil zuen Pagazaurtundua, 2003an-, Andoainen (Gipuzkoa). Ordezkari gorenak bidali ditu Ciudadanosek ere; besteak beste, Albert Rivera eta Ines Arrimadas. Manuel Valls Frantziako Frantziako lehen ministro ohi Bartzelonako alkategaiak ere baieztatua zuen Madrilen izango dela, "konplexurik gabe".

Kataluniako prozesu subiranistak ekarritako giroa dago, besteak beste, deialdiaren atzean. Bi gobernuek elkarrizketari ate bat ireki bazioten ere, atzera egin du azken egunetan PSOEren gobernuak. Pedro Sanchezek adierazi du "sekula" ez dutela onartuko autodeterminazioa. Hitzez hitz, horrela esan du: "Kataluniako independentismoak aldarrikatzen duen autodeterminazioa ez da Konstituzioan sartzen, eta ez dugu sekula onartuko".

Sanchez, bitartean, Kantabrian izan da ekitaldi batean, udal bozetarako alkategai baten aurkezpenean.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna