Reala 2-2 Athletic

Derbia berdintzea lortu du Realak (2-2)

Lucia Garciak (3. minutuan) eta Erika Vazquezek (43) sartu dituzte Athleticen golak. Bigarren zatia hasi bezain pronto, Nerea Eizagirrek sartu du zuri-urdinen lehenengoa (47), eta Carla Bautistak bigarrena (77).

Anoetako derbia, gaur. JON URBE, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 10a
08:55
Entzun

Euritan hasi dute Realak eta Athleticek Anoetan jokatu duten bigarren derbia, eta jokoa azkartu du horrek. Lucia Garciak sartu du lehen gola, eta aurretik jarri du Athletic partida hasi bezain laster, 3. minutuan. Realak ere izan du aukeraren bat norgehiagokaren lehen minutuetan, baina zuri-gorriek izan dute jokoaren kontrola.

Maddi Torrek izan du partida hasierako Realaren aukerarik onena, 21. minutuan. Area barrutik burukada jota, Athleticen atera bota du baloia, baina gelditu ona egin du zuri-gorrien atezainak.

Lehen zatiaren amaieran, beste aukera on bat ere izan du Luciak. Atzelariak atzean utzi, eta jokalari bakarra aurrean zuela geratu da, baina gutxigatik izan bada ere, kanpora bota du baloia. Kontraerasoan, berdinketarako parada izan du Realak, baina ezin izan du markagailua berdindu. Minutu gutxira (43), Erica Vazquezek ez du barkatu, eta jokaldi on baten ondoren, area barrutik sartu du bigarren gola.

Bigarren zatian, Reala nagusi

Bigarren zatia hasi bezain laster (47, minutuan), ezker hegaletik eraso egin, eta ustekabean, gol ederra sartu du Nerea Eizagirrek, baloia atezainaren gainetik pasatuta. Jarraian, aukera onak izan ditu Athleticek hirugarrena sartzeko, baina Carla Bautistak lortu du azkenean berdinketa (77). Eskuin hegaletik egindako erdiraketa ondo errematatu du Bautistak, buruz.

Joan den denboradian 1-4 irabazi zuen Athleticek Anoetan. 21.500 lagun inguru bertaratu ziren Anoetara, eta estadioa ia bete egin zen. Ondo erantzun du jendeak gaur ere: 21.234 lagun izan dira, Realaren arabera.

"Hori da garrantzitsuena", esan du Damaris Egurrolak ETBn, partida amaitu ondoren: "Horrela jarraitu behar dugu, emakumeen futbolak aurrera egin dezan". Nerea Izagirre ere pozik agertu da Anoetak erakutsitako itxurarekin: "Espero dugu hau behin baino gehiagotan gertatzea". Lehen golak "esperantza" eman diela azaldu du, eta irabazteko aukerak ere izan dituztela: "Pena izan da azkenean hiru puntuak lortu ezin izana".

Athletic bosgarren da sailkapenean, 34 punturekin; Reala, berriz, seigarren da, 28 punturekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.