Sevilla 2-2 Eibar

Hiru eskura, eta bakarra etxera

Eibar Sanchez Pizjuanen irabazteko zorian egon da. Sevillak azken unean berdindu du partida, hamar jokalarirekin.

Ben Yedder Sevillako aurrelaria, Asier Riesgo Eibarko atezainaren aurrean, 1-2koa egin duen unean. JULIO MUÑOZ, EFE
2019ko otsailaren 11
07:53
Entzun

Sevillaren etxean irabazteko zorian egon da Eibar. Lehenengo aldia litzateke historian. Eskura izan dituen hiru puntuetatik, ordea, bakarra eraman du azkenean. 85. minutuan, Eibar 0-2 irabazten ari zen, eta jokalari bat gehiagorekin ari zen. Sevillak partida berdintzea lortu du luzapenean.

Eibarrek Sevillak baino hobeto ekin dio partidari. Fabian Orellana aurrelaria zorrotz aritu da hegaletik lehen minutuetan, eta berak lortu du partidako lehen gola egitea. Baloia arearen erpinean hartu, hainbat jokalari atzean utzi, eta atea zulatu du, 22. minutuan.

Aldea bigarren zatian handitu dute armaginek, korner batean. Arbillak buruz jo du bigarren zutoinean, eta Charlesek buruz errematatu du sareetara. 63. minutua zen, eta partida oso aldeko jarri zaio Eibarri.

Are itxura hobea hartu du lehiak 84. minutuan, epaileak Banega Sevillako erdilaria kaleratu baitu —bigarren txartel horia atera dio—. Europako postuetara gerturatzeko hiru puntuak oso gertu ikus zitezkeen. Ez da hala izan, baina. Sevillak 1-2koa egin du 87. minutuan, Ben Yedderri esker. Luzapenean iritsi da Eibarrentzako kolpe latza. Ezker hegaleko erdiraketa bat sareetara bidali du Sarabiak 92.ean.

Azkenean, 30 punturekin gelditu da Eibar, sailkapeneko hamargarren postuan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.