Athletic 0-0 Bartzelona

Adorez egin dio aurre Athleticek Bartzelonari

Zuri-gorriek ongi defendatu dute, eta aurkariak baino arrisku handiagoa sortu dute. Ez dute lortu, ordea, golik sartzea.

Iñaki Williams Athleticeko aurrelaria, jautiketa egiten, Ter Stegen atezainaren aurrean, atzo, San Mamesen. LUIS TEJIDO, EFE
2019ko otsailaren 11
08:29
Entzun

Adorea, intentsitatea eta borrokarako grina islatu ditu Athleticek, San Mamesen. Jakina zen hori guzti hori beharrezkoa izango zuela, parean Bartzelona handia izanik. Eta ahalegina ez zen alferrik izan. Athleticek puntu bat eskuratu du, eta partida irabazteko aukerarik ere izan du. Bartzelonako atezain Ter Stegenek eragotzi du zuri-gorrien garaipena. Gelditu erabakigarriak egin ditu.

Markel Susaetak izan du lehen zatiko aukerarik onenetako bat. Jaurtiketa bikaina egin du area ertzetik ezker zutoinaren aldera, baina Ter Stegenek gelditu ikusgarri batekin erantzun dio. 17. minutua zen. Raul Garciak eta Yurik ere izan dute aukerarik lehen zatian. Bartzelonaren erasoan Messi izan da jokalaririk arriskutsuena. Hala ere, etxekoenak izan dira aukerarik garbienak.

Bigarren zatian, ordea, intentsitate handiarekin zelairatu da Bartzelona. Baloiaren jabe egin da, Messi geroz eta gehiago hasi da jokoan sartzen eta Athleticek gogotik egin behar izan du lan. Hala ere, Bartzelonak ez du lortu gola sartzeko aukera garbirik. Aldiz, Athleticenak izan dira arriskurik handieneko jokaldiak. Mikel San Joseren jaurtiketa bat zutoinaren ondotik joan da kanpora, 64. minutuan, eta Williamsek ate parean eginiko jaurtiketa bat gol bihurtzea eragotzi du Ter Stegenek beste gelditu ikusgarri batekin, 82. minutuan.

Azkenean, golik gabeko berdinketarekin amaitu da partida San Mamesen. Athleticek 27 puntu ditu, eta sailkapenaren 13. postuan da, jaisteko postuetatik lau puntura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.