Zubietako erraustegia

Erraustegiko enpresek "iritzi publikoa kontrolatzeko" duten komunikazio plana ezagutarazi du GuraSOSek

Erraustegia ustiatzeko baimena duten enpresen Ingurumen Kultura eta Komunikazio Plana dokumentua ezagutarazi du elkarteak. Idatziak lehentasunen artean jasotzen du errealitate "atzeraezin" gisa aurkeztea erraustegiaren proiektua.

Zubietako errauste plantara hedabideentzat antolatu zuten bisita, iazko maiatzean. /
Zubietako errauste plantara hedabideentzat antolatu zuten bisita, iazko maiatzean. / Andoni Canellada/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko otsailak 11

GuraSOS elkarteak argitara eman du Zubietako erraustegia ustiatzeko lizentzia duten enpresen komunikazio plan konfidentziala. Elkarteak ohartarazi du "iritzi publikoa kontrolatzeko" helburua duela planak, eta "gezurrak" dituela oinarri. Nabarmendu dutenez, "proiektuaren kontrakoak isilaraztea" da enpresen asmoa. Eta hori posible izango ez balitz, gutxienez, haien "jarrera pasiboa" lortzea. Altuna y Uria, Construcciones Moyua, LKS, Murias, Meridiam eta Urbaser dira ustiatze lizentzia jaso duten enpresak. GuraSOSek atzo eman zuen komunikazio plan horren berri, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean (Gipuzkoa) egin zuen ekitaldian. Otsailaren 23ko manifestaziora joateko deialdia ere egin zuen, eta mobilizaziora deitzeko bideo bat aurkeztu zuen. Horrez gain, atxikimenduak biltzeko kanpaina jarri dute abian.

Dokumentuaren lehenengo paragrafoak azaltzen duenez, komunikazioa "faktore estrategikoa" da "iritzi publikoaren kudeaketa egoki" baterako, eta txostena "euskarri integral bat" da horretarako. Plana "talde profesional" batek gauzatuko duela eta hark GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren zaintzapean lan egingo duela zehazten du. Enpresen komuikazioaren eta erakunde publikoen arteko elkarlan estua aurreikusten du txostenak. Esaterako, azaltzen du "planaren proposamen guztiak, eta bereziki kanpo komunikazioari dagozkionak" GHK-k onartu beharko dituela, "pleguetan agertzen den bezala". Horrez gain, erraustegia ustiatzeko lizentzia jaso duten enpresen komunikazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta GHKren komunikazioarekin "koordinatu" behar dela dio planak, baita bakoitzaren "jardunaren espazioak" zehaztu beharko direla ere.

"Herritarrak, ekologistak, eta komunikabideetako eta osasun arloko profesionalak". Horiek dira, GuraSOSek azaldu duenez, erraustegia ustiatuko duten enpresen komunikazio planak baldintzatu nahi dituenak. Plataformak adierazi du dokumentuak "proiektuaren aurkako taldeen eragina txikiagotzeko" beharra aipatzen duela. Joseba Belaustegi GuraSOS elkarteko bozeramailearen esanetan, iritzi publikoa "kontrolatzeko" ahalegina da. Gaineratu du planaren lehentasunen artean ageri dela "[erraustegiaren] proiektua ezarritako eta atzeraezina den errealitate baten moduan" ikus dezala gizarteak.

Komunikazio planak lehentasunen artean aipatzen du baita ere "hondakinen erabilera politikoa" gaitzesteko argudioak lantzea, hondakinen kudeaketarako "politiken etengabeko aldaketak" eragin ditzakeen ondorioez ohartzaraziz: "galera ekonomikoak, ingurugiroan eragina, eta abar". Horrekin batera, ingurugiro edukiei lotutako plan bat garatzea ere lehenesten du. Erraustegiaren "bermeak, kontrol mekanismoak eta parte hartzea" gizarteratzeko estrategia bat lantzea proposatzen du.

Bestalde, planak ezinbestekotzat jotzen du "babesa handitzea orain arte axolagabeak eta aurkari pasiboak izan diren kolektiboetan". Horretarako, dokumentuak dio beharrezkoa dela "iritzi liderrak eta eragin handiko gutxiengoak" identifikatzea. "Bere posizioagatik iritzi publikoan eragiteko gaitasuna duten kolektiboak, alegia. Beharrezkoa da haietako bakoitzaren eta haien jarreren profil bat izatea, haien babesa lortzeko, edo pasibotasun jarrera gutxienez". Zehazki, komunikabideetako eta osasun munduko profesionalak, eta ekonomia arloko nahiz mundu mailako lider adierazgarriak edo gizarte mugimenduetako kide aktiboak aipatzen ditu.

GuraSOSek ziurtatu du komunikazio plan horrek "kolokan" jartzen duela erraustegiaren enpresa ustiatzaileen sinesgarritasuna.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna