Pasaiako Udalak adierazi du Jaizkibelgo tiro eremuko pistaren lanak "klandestinoak" direla

Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez, udalak azaldu du Espainiako Indar Armatuek ez diotela eskatu lanetarako baimenik.

Jaizkibelgo tiro eremurako pista. EGUZKI
2019ko otsailaren 11
07:09
Entzun

Jaizkibelgo tiro eremurako lanak "legez kanpokoak" direla salatu du Eguzki talde ekologistak. Pasaiako Udalak jakinarazi du Espainiako Indar Armatuek ez diotela inolako baimenik eskatu tiro eremurako pistaren lanak egin ahal izateko. "Beraz, legez kanpokoak dira edo, udal teknikarien txostenean irakur daitekeen bezala, ezkutukoak, klandestinoak", adierazi du Eguzkik. Udalak hilabeteko epea eman dio Defentsa Ministerioari lanak legeztatzeko proiektu bat aurkez dezan.

Udalak gaineratu du Foru Aldundiari dagokiola lan horien erantzuleak zigortzeko eskumena, 7/2006 Foru Arauari erreparatuta. Eguzkik nabarmendu du iaz salatu zuela aldundiaren aurrean Espainiako Indar Armatuak egin duen obra, baina foru gobernuek ez zuen esku hartu. "Aldundiak erantzun zuen ez zuela horretarako eskumenik", azaldu du Eguzkik. "Horregatik, oraingoan, Pasaiako Udalaren txostena eskuetan, Eguzkik zigor espedientea irekitzeko eskatuko dio Aldundiari".


Eguzki

Talde ekologistaren iritziz, tiro eremuko pistaren lanek berriro utzi dute agerian indar armatuen jokabide "agintzailea". Horrez gain, ohartarazi du "zentzugabea" dela Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu batean gisa horretako instalazio militar bat egotea. Gipuzkoako Foru Aldundiak "Jaizkibelen eta, oro har, Natura 2000 Sareko eremuetan sarri nagi edo arduragabe jokatu ohi duela" ere agerian utzi du, Eguzkiren esanetan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.