Katalunia

Europako hainbat herrialdetan salatuko dute buruzagi independentisten aurkako epaiketa

ANC Kataluniako Asanblada Nazionalak deituta, Kataluniatik kanpoko 11 herrialdetan eta 20 hiritan baino gehiagotan egingo dituzte mobilizazioak.

Manifestari bat, Europako Batasunak Bartzelonan duen ordezkaritzaren parean, autodeterminazio eskubidearen aldeko mezuarekin, joan den otsailaren 1ean.
Manifestari bat, Europako Batasunak Bartzelonan duen ordezkaritzaren parean, autodeterminazio eskubidearen aldeko mezuarekin, joan den otsailaren 1ean. Enric Fontcuberta/Efe

Berria -

2019ko otsailak 11

ANC eta haren atzerriko delegazioek Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketaren salaketa nazioartera zabaltzeko ahaleginean jarraituko dute. Datozen egunetarako, mobilizazio ugari antolatuko dituzte Europako hamar herrialdetako 25 hiritan eta Washingtonen, Autodeterminazioa eskubide bat da, ez krimen bat lelopean, eta #MakeAmove [egin mugimendu bat] traolarekin.

Zehazki, Andorran, Belgikan, Danimarkan, Frantzian, Alemanian, Luxenburgon, Euskal Herrian, Suitzan eta Erresuma Batuan egingo dituzte mobilizazioak, otsailaren 12tik 16ra. Hain justu, bihar hasiko baita auzipetuta dauden buruzagi independentista kataluniarren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. Besteak beste, mobilizazioak egingo dituzte Berlinen, Parisen, Bruselan, Londresen eta Kopenhagen. Euskal Herrian, Hegoaldeko lau hiriburuetan egingo dira elkarretaratzeak, bihar.

Europatik kanpora ere elkarretaratzeak antolatu ditu ANCk. AEBetako eta Mexikoko hiriburuetan egingo dituzte, hilaren 12an.

#MakeAmove kanpaina Europako Batasunarentzat da, Kataluniako egoera politikoan esku har dezala eskatzeko. ANCren esanetan, "autodeterminazio eskubidea gauzatzeagatik Espainiak Kataluniaren eta haren herritarren aurka erabili duen jazarpena eta errepresioa salatzeko" kanpaina da. Elkarteak bideo bat ere zabaldu du, kanpainaren berri emateko.

Hona datozen egunetako elkarretaratze guztien zerrenda:

Katalunian bertan, elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, eta manifestazioa hilaren 16an. Horrez gain, greba eguna izango da otsailaren 21ean. Espainiako hiriburura ere joko du ANCk. Manifestazioa antolatuko du Madrilen, martxoaren 16rako.