Kataluniako prozesuaren kontrako epaiketa

Hamabi auzipetu akusatuen aulkian eta estatu bat auzitan

Gaur hasiko da Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketa, Madrilen. BERRIAk modu berezian jorratuko du gaia, eta zuzenean ikusi ahal izango da webgunean.

Jon Ordoñez Garmendia -

2019ko otsailak 11

Burgosko Prozesuaren ostean Espainian egingo den epaiketarik garrantzitsuena izango dela esan dute. Eta orduko eta oraingo auzipetuen eta egozten zaizkien gertaeren artean aldea handia bada ere, nazioartean izango duen oihartzuna aintzat hartuta, ez zaie arrazoirik falta. Kataluniako Generalitatea epaituko dute, herritarrek aukeratutako gobernu demokratiko bat akusatuen aulkian eseriko da hautetsontziak jartzeagatik, herritarrei bozkatzeko aukera emateagatik, eta Espainiaren sinesgarritasun demokratikoa jokoan dago. Horretaz jabetuta, estatua gertutik ari da zaintzen epaiketaren inguruko xehetasun guztiak, eta Euskal Herriko gatazkan trebatutako makineria martxan da iritzi publikoa haren alde jartzeko.

Ez da nazioarteko kontu bat soilik, gainera. Pedro Sanchezek aste honetan du bere lehen aurrekontuei jarritako osoko zuzenketen bozketa, eta alderdi katalanekin egiten ari zen negoziazioa —beharrezkoak izan zituen Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioan eta beharrezkoak izango ditu orain ere— joan den astean lehertu zen ERCk osoko zuzenketa aurkeztu zuenean. PSOEren barruan geroz eta gehiago dira Sanchezek kataluniarrekin izan duen jarrera kritikatzen dutenak eta presidenteak pauso bat atzera eman zuen, azkenean negoziazioak hausteraino. Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldietan egin zuen bezala, eskuina hasi da kalea mobilizatzen arreta bereganatzeko, eta atzo ekitaldi bateratu bat egin zuten Madrilen PPk, Ciudadanosek eta Voxek "Espainiaren batasunaren alde" (UPN ere gehitu zitzaien). 45.000 lagun baino ez ziren izan Espainiako Poliziaren arabera, baina iragarpena soilik nahikoa izan zen Sanchez baldintzatzeko. Quim Torra Kataluniako presidenteak berriro negoziatzen hastera deitu du, baina gaur epaiketa hasita, foku guztiak Katalunian egongo dira, eta orain arte egin ez duena egiteko malgutasun txikia izango du Espainiako Gobernuak.

Bihar goizeko hamarretan hasiko da Kataluniako hamabi agintariren aurkako epaiketa, Madrilen, Espainiako Epaitegi Gorenean. Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras dira auzipetuak. 2017ko urrian Katalunian independentziaz egin zen erreferenduma antolatzeagatik matxinada (lehen bederatziei), desobedientzia (azken hiruei) eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen die Fiskaltzak. Estatuaren abokatuak, ordea, sedizio delitua leporatu zien azkenean matxinada leporatu beharrean. Biolentziaren erabileran dago gakoa. Fiskaltza saiatuko da 2017ko udazkenean Katalunian gertatutakoak indarkeriaz janzten, eta defentsa ahaleginduko da baketsuak izan zirela frogatzen.

Erreferenduma antolatzea eta horretarako diru publikoa erabiltzea epaituko dira. Horrez gain, ordea, 2017ko irailaren 20an Katalunian izan ziren atxiloketen ondoren Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean gertatu zena baliatu nahi du Fiskaltzak indarkeria leporatzeko. Egun horretan, milaka herritar elkartu ziren, eta Guardia Zibilaren auto baten argazkiak munduari buelta eman zion itsasgarriz beteta eta herritarrak gainera igota. Munduan izan diren beste prozesu politiko batzuen irudiak ekarri zituen gogora, eta, irudi baketsuaren gainetik, orain biolentziarena jarri nahi du estatutak. Alemaniako Justiziak Carles Puigdemont presidente erbesteratuaren estradizio eskaeraren aurrean ebatzi zuen ez zela indarkeriarik egon egozten zaizkion gertaeretan, eta matxinada delitua baztertu zuen. Espainiako Justiziarena, ordea, beste ikuspuntu bat da.

"U-1eko erreferendumean parte hartu zuten guztien kontrako epaiketa bat da", esan du Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak. Espainian bezala, Katalunian ere garai erabakigarrian iritsiko da epaiketa. 2017ko udazkenaz geroztik, eragile independentisten estrategia pitzatu egin da, eta prozesua independentzia aldarrikatzera eraman zuten batasunaren zantzu gutxi dago. Carles Puigdemont eta kontseilari batzuk erbestean, beste batzuk akusatuen aulkian, alderdien arteko desberdintasunak jarraitu beharreko estrategiaren inguruan... Kohesioa berreskuratzeko aukera bat da epaiketa, eta larunbaterako Bartzelonan manifestazio handi batera deitu dute epaiketa salatzeko. Horrez gain, Euskal Herrian (igandean, Gure Esku Dago-k deituta) eta mundu osoan ere egingo dira mobilizazio gehiago.

Epaiketa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egingo da, aste honetan bihartik ostegunera eta datorrenean asteartetik ostegunera ere. BERRIAren webgunean zuzenean ikusi ahal izango da. Modu berezian jorratuko du BERRIAk epaiketa euskarri guztietan, eta, zuzenean emateaz gain, momenturik esanguratsuenak ere jasoko ditu bideoan, eta euskaraz azpidatziak emango ditu. Igor Susaeta kazetariak Madrildik jorratuko du epaiketa webgunerako eta papererako. Epaiketa webgunean ikusi ahal izateaz gain, bihar epaiketaren inguruko lan berezi bat argitaratuko da webgunean, Nor da nor? izenekoa. Auzipetuez gain, abokatuak, fiskalak, epaimahaikideak eta lekukoak nortzuk izango diren ikusi ahal izango da.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna