Eutanasia

Maribel Tellaetxearen familiak Madrilera eraman du eutanasiaren aldeko eskea

Eritasun eta mendekotasun larriak dituzten pertsonak hiltzen laguntzea zigorgabetuko duen legearen alde jasotako 280.000 sinadura aurkeztu dituzte

265.000 sinadura baino gehiago entregatu dituzte Espainiako Kongresuan, eritasun eta mendekotasun larriak dituzten pertsonak hiltzen laguntzea zigorgabetuko duen legearen alde.
265.000 sinadura baino gehiago entregatu dituzte Espainiako Kongresuan, eritasun eta mendekotasun larriak dituzten pertsonak hiltzen laguntzea zigorgabetuko duen legearen alde. J.J. Guillen/EFE

Arantxa Iraola -

2019ko otsailak 11

Hilabeteak daramatza Lorente-Tellaetxe familiak amarentzat eutanasia eskatzen, hautu hori legezko bihurtzeko aldarrikatzen. Portugaleten (Bizkaia) hasi zuten kanpaina, beren herrian, baina oihartzun handia lortzen ari dira, eta gaur goizean, esaterako, Madrilen izan dira, Espainiako Kongresuan, aldarriaren alde batu dituzten sinadurak —280.000 inguru— aurkezten. Aurrez ere aldarria bultzatzen ari zen familia batekin egin dute eskea, Luis de Marcos Veraren etxekoekin. Esklerosia zuen gizon bat zen, "oinaze" handiak pairatu behar izan zituen, eta eutanasia legeztatzearen alde aritu zen; sinadurak biltzen jardun zuen hark ere, eta 2017ko abuztuan hil zen.

Maribel Tellaetxek alzheimerra oso garatua du orain, eta ez da bere buruaren jabe. Aurrez, oraindik zentzuz jarduteko gai zenean, hainbat eratan utzi zuen idatzia ez zuela nahi burua guztiz galduta bizitzerik; familiakoei idatzia utzi zien eskari hori, modu informalean, eta aurretiazko borondateen agiriaren bidez ere egin zuen eskea, era formalean. Oraindik, ordea, legez kanpoko jarduera da eutanasia; are gehiago, delitua da.

Espainiako Kongresuan tramiterako onartuta dago jarduera hori arautzea ekar dezakeen lege proiektu bat, PSOEk proposatutakoa. PPk testu horren aurka aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota zuten gainerako talde politiko guztiek iragan urriaren 25ean, eta legea gauzatu ahal izateko esperantza piztu zen. Baina aldarriaren alde ari direnen arabera, legearen tramitazioa "blokeatzen" ari dira orain PP eta Ciudadanos, eta, horregatik, geratuta dago prozesua.

"Politikariei eskatu nahi diegu bihotzak eta begiak zabaltzeko", adierazi du gaur Marcos Veraren alargunak Madrilen egin duten agerraldian. "Ikus dezaten zer ari garen eskatzen".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna