Nafarroa

Aznarez parlamentuko presidente izango da aurrerantzean ere

Legelari nagusiak ondorioztatu du Orain Baikoen bigarren eskaerak ez dituela bete Ahal Dugu-ko hiru parlamentariak kaleratzeko baldintzak, eta Parlamentuko Mahaiak atzera bota du.

Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea
Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea Iñigo Uriz / Foku

Joxerra Senar -

2019ko otsailak 11

Folletoia amaitu da oraingoz. Abenduaren 20an aurkeztu zuen Orain Baik Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez taldetik kanporatzeko eskaera, eta, ia bi hilabete geroago, Parlamentuko Mahaiak atzera bota du eskaera. Laura Perez Orain Baiko eledunak iragarri du "hainbat bide" dituztela buruan; tartean, Arartekoarengana jotzea.

Astelehenero legez, Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea bildu da. Azken asteetan arreta bereganatu du hiru parlamentariak kaleratzeko eskaerak, Ainhoa Aznarezek legebiltzarreko lehendakari izateari utz ziezaiokeelako. Azkenik, Mahaian, Aznarezek berak, Unai Hualde lehendakariordeak eta Maiorga Ramirez lehen idazkariak eskaera ez onartzearen alde bozkatu dute. UPNko bi kideek, berriz, horren aurka bozkatu dute.

Laura Perez oso gogor mintzatu da erabakiaren aurka. "Sinesgarritasun falta eta erakundeen erabilera alderdikoia" egitea leporatu die euren eskaera onartu ez duten mahaiko kideei. Haren esanetan, mahaiak urratu egin du talde baten autonomia babesten duen doktrina konstituzionala. Perezek dioenez, 46.000 boto emailek eman zieten babesa —berez, Ahal Dugu bozkatu zuten—: "Ordezkaritza publikoa egiteko berme guztiei uko egin digute". Perezek gaineratu du aspalditik "talde deserosoa isilarazi" nahi izan dutela. "Eta, orain, damutu egiten dira ondorioekin? Bai, kanpoan utzi gaituzte".

Lasaitasuna eskatu du Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak. Araizek gogoratu du juridikoki eskaerak ez dituela baldintzak bete. "Auzi hau ez da hemen amaituko. Aldaketak 2015eko maiatzetik agindu bat du, eta horri eutsi behar zaio amaiera arte, gehiengoak hautsi gabe. Ondo amaitu behar da, erantzukizunez". Perezek bere burua aldaketatik kanpo kokatu badu ere, Araizek uste du lege proposamen eta proiektu ugari daudela jokoan, eta botoen bitartez bakoitzak azalduko duela bere posizioa. "26 parlamentariak dira beharrezkoak; Velasco, Perez, Carrillo eta Couso barne. Euretako batek bere burua aldaketatik kanpo ikusten badu, azaldu behar luke zergatik".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna