Bafta sariak

'Roma' filma hautatu dute Bafta sarietan urteko lanik onena

Yorgos Lanthimosen The Favourite filma zen 72. Bafta sarietarako faboritoa, eta zazpi sari jaso ditu. Sari nagusia, ordea, Cuaronen filmarentzat izan da.

Alfonso Cuaronek zuzendaririk onenaren Bafta saria jaso du, bigarrenez. NIK HALLEN / EFE
Berria
2019ko otsailaren 11
13:26
Entzun

Britainia Handiko Zinemaren eta Telebistaren Akademiak Alfonso Cuaronen Roma-ri eman zion urteko lanik onenaren saria, atzo, Londresen egindako ekitaldian. Beste hiru sari ere jaso zituen: ingelesez egin ez den filmik onenarena, argazkirik onenarena eta zuzendaririk onenarena. Cuaronek bigarren aldia du zuzendaririk onenaren saria jasotzen duena, 2014an Gravity filmarekin jaso baitzuen aurrenekoz.

Zuzendaria oso eskertuta azaldu zen saria jasotzean. "Beldurrak eta amorruak bereizi nahi gaituzten garai honetan, ikustea etxeko langile indigena baten inguruko pelikula batek halako harrera izan duela, mundu bat da niretzat", adierazi zuen. Hilaren 24an emango dituzte Oscar sariak, eta Roma-k hamar izendapen ditu.

Yorgos Lanthimos grekoaren The Favorite filma ere filmik eta zuzendaririk onenaren sarietarako hautatua zegoen; horiek ez, baina zazpi sari irabazi zituen. Besteak beste, Olivia Colmanek emakumezko aktorerik onenarena jaso zuen, film horretan egindako Ingalaterrako Ana erreginaren interpretazioarengatik; eta Rachel Weiszek, berriz, taldeko emakumezko aktorerik onenaren saria jaso zuen.

Bestalde, Bohemian Rhapsody, A Star is Born eta First Man filmek zazpina izendapen zituzten, baina ez zuten arrakastarik izan. Lehenak bi sari jaso zituen: soinurik onenarena eta gizonezko aktorerik onenarena —Rami Malekek jaso zuen—. A star is born-ek musika originalik onenaren saria jaso zuen, Bradley Cooperek, Lukas Nelsonek eta Lady Gagak konposatutako musikarengatik. First Man-ek, berriz, ez zuen Baftarik irabazi.

Horietaz gain, Adam McKayren Vice-k jaso zuen muntaketarik onenaren saria, eta Spike Leeren Infiltrado en el KKKlan-ek egokitutako gidoirik onenarena. Animaziozko filmik onenaren saria Spider-Man: Into the Spider-Verse-rentzat izan zen; dokumentalik onenarena Free Solo-rentzat, eta efektu bisualena, Black Panter-entzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.