Futbola-Lehen Maila

Altzairua itzuli da Mendizorrotzara (2-0)

Joko handirik ez egin arren, Alavesek merezita irabazi dio Levanteri, eta bolada txarra eten du. Europako postuetara itzuli da.

Alaveseko jokalariak partidako lehen ospatzen.
Alaveseko jokalariak partidako lehen ospatzen. Jaizki Fontaneda / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 11

Golak. 1-0. Laguardiak (23. m.); 2-0 Jonyk (93.m).

Alaves arrastora itzuli da, sasoi hasierako bide onera. Azken hiru asteetako emaitza eta joko bolada txarra alboratu, eta nagusitasunez irabazi zion atzo Levanteri. Nagusitasunez bai, azken txanpara arte ez zuelako gehiegi sufritu, baina beste munduko distirarik egin gabe. Abelardoren Alaves horrelakoa baita, altzairuzkoa, sendoa baina astuna, eta geldikako jokaldi bat baliatu zuen irabazteko. Garaipenak balio moral garrantzitsua du, burua altxatzeko, baina sailkapena pragmatikoa da, eta Gasteizko taldea Europa Ligako postuetara itzuli da.
Alavesek partida oso serioa jokatu zuen. Bere bertute eta gabezien erakustaldia egin zuen. Levanteri ez zion konbinatzen utzi, jokoa zelai erdian trabatuz, eta Morales kapitain sutsuaren korrikaldiak izan ziren arriskua sortzeko modu bakarra. Etxekoen aldetik, beste behin, Calleri izan zen iparrorratza, eta hura aurkitzeko bidea hegalak eta geldikako jokaldiak. Horrela iritsi zen lehen sustoa (15.min), aurrelariak langara bidalitako burukadarekin, eta Callerik berak eta Inuik baliatu ez zuten aldaratze banarekin. Japoniarrak lehen partida zuen, eta maila ona eman zuen. Zerbait ezberdina emango dio taldeari.
Gola geldikako jokaldi batean iritsi zen, korner batean (23. min.). Jonyk eskularrua du ezker oinean eta bere erdiraketa itxia Laguardiak buruz bidali zuen sareetara, bigarren zutoinean jauzi handia egin ondoren. Irten beharrean, Aitor Fernandez atezain arrasatearra atepean gelditu zen, eta gola erraztu zuen.  
Alavesek nahi zuen tokian zuen partida, eta kontrolpean hartu zuen. Levantek jokoa sortzeko dituen arazoak agerian gelditu ziren, eta hark ere geldikako jokaldietan bakarrik sortu zuen arriskua bigarren zatian, baina ez askorik, etxekoek ondo zaindu zituztelako. 2-0ekoa Jonyk sartu zuen, 93.minutuan, Levanteren atzeko lerroaren opari handia baliatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna