Kataluniako prozesu subiranista

Goizean goizetik hasi dira protestan katalanak

Urriaren 1eko irudiekin bideo bat proiektatu dute Espainiako Auzitegi Goreneko sarreran, eta Bartzelonako Gran Via eta AP-7 errepidea itxi dituzte CDRek, besteak beste.

Bartzelonako Gran Via, gaur goizean.
Bartzelonako Gran Via, gaur goizean. @CDR_EsqEixample

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 12

Poliziaren kolpeak, bozkatzeko asmotan zen jendearen aurka. Irudi horiek gogoan ditu askok 2017ko urriaren 1etik, eta prozesu katalanaren aurkako epaiketa hastekoa den egun honetan, Espainiako Auzitegi Goreneko sarreran proiektatu dituzte, bideo baten bidez. Espainiar demokrazia, irakur zitekeen irudi horien azpian, ingelesez.

CDRen Kataluniako kontutik "sasi-epaiketa" salatu, eta eskerrak eman dizkiete ekintzaren egileei:

Auzitegi Gorenaren inguruetan, elkarretaratze batera deitua zeukan ANCk, Recoletos eta Barbara de Braganza kaleen artean, "sasi-epaiketa politikoa" salatzeko. Erabakitzea ez da delitua leloa zeramaten pankartan, eta bertan izan dira, besteak beste, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea.

Herrialde Katalanetan bertan, protesta eguna dute gaur. Errepideetara irten dira goizetik protestariak, eta, besteak beste, Bartzelonako Gran Via de les Corts Catalanes kalea eta AP-7 errepidea itxi dituzte.

Herritar talde batek errepidea moztu du Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren egoitzaren parean, Bartzelonako erdigunean. Mossoek manifestariak sakabanatu dituzte.

Mobilizazio gehiago ere izango dira egunak aurrera egin ahala. Geldialdiak egitera deituta daude ikasle eta langileak, eta elkarretaratzeak egingo dituzte arratsaldean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna