Mobilizazioak

Elkarretaratze ugari egin dituzte Hego Euskal Herrian, auzipetu independentistei elkartasuna adierazteko

Donostian, Gasteizen eta Iruñean elkarretaratzeak egin dituzte 19:00etan. Bilbon 20:00etan elkartu dira. Hiriburuetatik harago, mobilizazioak izan dira herri ugaritan ere.

Kataluniako prozesu subiranistaren aldeko elkarretaratzea, gaur, Iruñeko udaletxearen parean.
Kataluniako prozesu subiranistaren aldeko elkarretaratzea, gaur, Iruñeko udaletxearen parean. Iñigo Uriz/Foku

Berria -

2019ko otsailak 12

Kataluniako auzipetu independentistei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiri eta herri ugaritan, Konponbidea, Democracia, Llibertat lelopean. Gure Esku Dago-k eta ANC Kataluniako Asanblada Nazionalak deitu dute mobilizaziora.

Gure Esku Dago-k adierazi du Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketa "denon kontua" dela. "Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi du".

Indepdendentistak sareak ere bat egin du deialdi horiekin. Sarearen ustez, Kataluniako prozesu independentistaren aurrean Espainiako Estatuak era guztiz antidemokratikoan jokatu du lehen momentutik, eta 1978ko Erregimenak bere aurpegi errepresiborik bortitzena erakutsi du 2017ko udazkenetik hona". "Demokraziaren eta askatasunaren aurkako epaiketa" izango dela salatu du. "Denon artean lortu behar dugu egoera irauli eta epaiketa honetan Espainiako Estatu autoritario eta antidemokratikoa bera izatea epaitua".

Asteburuan ere izan da elkartasun ekintzarik Euskal Herrian. Bilbon, esaterako, pankarta handi bana jarri dute Bilboko udaletxean, udaletxe ondoko zubian eta Guggenheim museoan, autodeterminazioa ez dela "krimena" aldarrikatzeko. Datorren igandean, berriz, manifestazioa egingo du Gure Esku Dago-k, Donostian, gaurko elkarretaratzeetako lelo berarekin. Soinean kolore horiko zerbait eramateko eskatu diete herritarrei.

Katalunian ere elkarretaratzeak egin dituzte herri eta hirietan. Bartzelonan, elkarretaratze jendetsua izan da Katalunia Plazan egin dutena. ANCk hilaren 21eko gerban parte hartzera deitu du.

Madrilen, ANCk egindako elkarretaratzean izan dira hainbat euskal ordezkari. Esaterako, Gure Esku Dago-ko kideak, pankarta batekin. Ez zarete inoiz bakarrik ibiliko, zuekin gaude. Euskal Herria beti Kataluniarekin irakur zitekeen han. Elkarretaratze horretan ziren, besteak beste, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea, eta "eskerrik asko" esan die Angel Oiarbideri eta gainerako kideei.

"Erronka politikek tresna demokratiko eta politikoak behar dituzte. Gaur epaitzen ari direna ez da delitu bat, ez da biolentzia, demokrazia bera da epaitzen ari direna. Guk ez dugu dudarik delitu hori aurrekari modura nahi duela hau Espainiako Estatuak", esan du Oiarbidek. Horrek euskal herritarrei ere "ondorioak" ekarriko dizkiela ohartarazi du: "Kalera ateratzeko ordua da. Ez da bakarrik elkartasunerako ordua, ez baita katalanen kontu bat bakarrik, gure kontua da".

Ordezkari politiko zenbait ere izan dira protesta horretan, hala nola EH Bilduko senatari Jon Iñarritu. Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat Espainiako Auzitegi Gorenean izango da epaiketari kasu egiten; besteak beste, Iñigo Iturrate (EAJ) eta Maddalen Iriarte (EH Bildu) legebiltzarkideak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna