Ekonomia

Etxe salmenta %10,6 hazi zen iaz Hego Euskal Herrian

INEren arabera, 25.368 etxebizitza salerosi ziren, eta horietatik %20 izan ziren eraiki berriak.

Etxebizitza bat, Donostian.
Etxebizitza bat, Donostian. Andoni Canellada / Foku

Iker Aranburu -

2019ko otsailak 12

Etxebizitzen merkatuak bost urte daramatza jarraian %10etik gora hazten. Hazkundearen erritmoa, ordea, pixka bat moteldu da: %11,3 hazi zen 2017an, eta %10,6 iaz.

Guztira, 25.368 etxebizitza saldu eta erosi ziren joan den urtean. 2013an merkatuak hondoa jo zuenean baino %73 gehiago da hori, baina urrun dago oraindik 2007ko markaz (35.732 izan ziren, %29 gehiago).

INEk emandako datuen arabera, gehiago hazi da etxebizitza berrien merkatua (+%14,5) bigarren eskukoena baino (+%9,7).

Edonola ere, oraindik orain salerositako bost etxetik lauk (%79,8) zuten aurretik beste jabe bat. Portzentaia hori nahiko antzekoa izan da azken hiru urteetan.

Etxebizitza babestuen salmentak bultzada bat izan zuen iaz, merkatu osoa baino gehiago hazi baitzen, %16,4 hain zuzen ere. Edonola ere, oraindik orain kopuru txikia dira, salerositako etxebizitzen %10,6 baizik ez.

Lurralde guztietan igo da etxebizitzen salmenta, baina Nafarroan bereziki (+%16,1). Araban %13,4 handitu da, Bizkaian %11,5, eta Gipuzkoan %2,6.