HEZKUNTZA

Otsailaren 26an grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola jantokietan

Sindikatu guztiek elkarrekin deitu dute lanuztera, eta eskatu dute Hezkuntza Saileko sukaldarien baldintza berberak izatea enpresa pribatuek kudeatutako jangeletan ari diren langileek.

Umeak, ikastetxe bateko jantokin. GARI GARAIALDE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 12a
07:24
Entzun

Beste lan gatazka bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan. Kudeaketa pribatua duten eskola jantokietako langileek grebara joko dute otsailaren 26an. Sindikatu guztiek elkarrekin deitu dute protestara: LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk.

Azaldu dute azken bi urteetan hamabost aldiz bildu dela negoziazio mahaia, baina enpresen proposamena urrun dagoela sindikatuen eskarietatik. Gako nagusia hau da: Hezkuntza Saileko sukalde langileekin "homologazioa" lortzea. Areago, salatu dute indarrean dagoen hitzarmeneko akordioak "ukatzen" ari direla enpresak orain.

Homologazioarekin batera, badituzte beste gatazka puntu batzuk: gutxieneko lanaldiak finkatzea, ratioak hobetzea, ordezkapenak ezartzea... Jarrera "arduragabea" izatea leporatu diete enpresei. Kritiko mintzatu dira Eusko Jaurlaritzaren jokabidearekin ere. Azaldu dute gobernuak aurki argitaratuko dituela eskola jantokietarako baldintza berriak, eta kezkatuta daude Hezkuntza Sailaren azken iragarpenarekin: guraso elkarteen esku utzi ahalko dela jantokien kudeaketa. Proposamen hori "inolako fundamenturik gabe" egin izana salatu dute langileek. "Gure artean zalantza eta kezka erabatekoa da, ez baitakigu gure lanpostuekin benetan zer gertatuko den".

Otsailaren 26ko grebarekin hasiko dituzte protestak, eta iragarri dute mobilizazioak gogortzeko prest daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.