Erreakzioak

Urkullu: "Epaiketa politikaren porrotik sakonena da"

Erakundeen arteko elkarrizketa eta elkarrizketa politikoa berreskuratzera deitu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Haren esanetan, epaiketak agerian utzi du Espainiako Estatua erreformatzeko beharra, "errealitate plurinazionala" aitortu dezan egungo legeditik abiatuta.

Josu Erkoreka Gasteizen, gaur goizeko agerraldian.
Josu Erkoreka Gasteizen, gaur goizeko agerraldian. Irekia.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 12

"Epaiketa honek ez zuen inoiz hasi behar", adierazi du Urkulluk. Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz, aurretiazko gaien azterketan ebatzi beharko litzateke auzia, eta "aukera" gisa ulertu beharko litzateke, "bide politikoen aldeko apustua berresteko".

Bide beretik hitz egin du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ere. "Bada denbora bat Eusko Jaurlaritzak adierazi duela auzitegietatik atera behar dela auzi hau, inoiz ez zela judizializatu behar erabat politikoa eta instituzionala den auzi edo gatazka bat". Hala mintzatu da Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka, gobernu kontseiluaren ondoren egindako agerraldian. Kataluniako agintari independentisten aurkako auzia aipatuz, Erkorekak esan du "aniztasun politikoa bideratzeko" elkarrizketarako bideak zabaldu behar direla.

Erkorekak "zalantzagarritzat" jo ditu epaileek auzi horretan hartutako erabakiak; hala nola badaezpadako espetxeratzeak eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik matxinada delitua leporatu izana. Horretarako, "ezinbestean biolentzia" frogatu behar dela oroitarazi du: "Nahikoa da auzi horretaz beste herrialde batzuetako auzitegiek hartutako erabakiak begiratzea, ikusteko erabaki hauekin ez duela bat egiten, oro har, komunitate juridikoak".

Aitor Esteban (EAJ). Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaile Aitor Estebanek, berriz, "mendeku nahia" ikusi du Espainiako Auzitegi Goreneko auziaren atzean. "Gauza asko daude jokoan", esan du Radio Euskadin: "Lehenik, oso desegokia da epaiketak denboran aurrekontuen eztabaidarekin bat egin izana, sentimenduak haragi bizitan daude, baina Europa osoaren begien aurrean argituko da Espainiako Justizia benetan neutrala den ala ez".

Maddalen Iriarte (EH Bildu). Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek "elkartasuna" adierazi die auzipetuei, "beren familiartekoei, lagunei, familia politikoei eta Kataluniako herriari, erakutsitako duintasunagatik". EH Bildukoaren esanetan, "erabakitzeko eskubidearen eta demokraziaren alde gaude pertsona guztien aurkako epaiketa" izango da gaur hasiko dena: "Beste eskandalu bat Espainiaren historian".

Itxaso Atutxa (EAJ). EAJren BBBko presidente Itxaso Atutxak ere "eskandalutzat" jo du gaur hasitako epaiketa, Onda Vasca irratian. Kataluniako auzia bideratzeko aurreko astean "ate asko itxi" zirela uste du EAJkoak, Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketak ez duela aurrera egin. Ate horiek berriz "irekitzeko zailak" direla ohartarazi du Atutxak. Beti esan dugu politikarako garaia zela, eta gaur, prozesu eskandalagarri hau hastean, uste dut politikarako garaia dela oraindik ere".

Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu). Espainiako Kongresuko EH Bilduren bozeramaile Marian Beitialarrangoitiarentzat, "inoiz gertatu behar ez zuen astakeria" da independentista katalanen aurkako epaiketa: "Autodeterminazio eskubidea da, azken batean, hemen epaitzen ari direna". Beitialarrangoitiak nabarmendu du "independentista guztiei" dagokiela auzia: "Ez da pertsona zehatz batzuen kontrako auzi bat jarduera zehatz batengatik. Hori da erabiltzen den tresna, nolabait, independentzia nahiak kriminalizatu eta isilarazten saiatzeko".

Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak adierazi du "justizia espiniarra aulkian" eseri dela gaur, "munduaren aurrean". Gaineratu du sentitzen duela Kataluniako "preso politikoek eta erbesteratuek" jasan behar izan dutena, baina gaineratu du haiek lortu dutela Espainiako Justizia auzitegiko aulkira eramatea.