Sindikalgintza

ELAk salatu du elkarrizketa sozialaren mahaian ez dagoela langile klasea ordezkatua

Sindikatuak bere nagusitasunari eutsi dio Hego Euskal Herrian, eta sindikatu abertzaleak nabarmendu du ordezkarien %30 ere ordezkatzen ez dituzten sindikatuak daudela atzo abiatu zen elkarrizketa sozialaren mahaian.

Leire Txakartegi ELAko genero berdintasuneko arduraduna eta Amaia Muñoa idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA, FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko otsailaren 12a
13:37
Entzun

Hauteskunde sindikalen epe trinkoaren lehen zatia itxita, euskal sindikatuek euren nagusitasuna indartu dute. Hego Euskal Herriko delegatu sindikalen %36,2 ELAren esku daude, eta %18,3 LABen esku. Bakoitzak puntu batetik gorako hazkundea izan du, eta behera egiten jarraitzen dute CCOOk eta UGTk. Hurrenez hurren, ordezkarien %19,9 ditu CCOOk —0,7 puntu egin du behera—, eta %14,4, berriz, UGTk —1,4 puntu jaitsi da—. Sindikatu abertzaleen artean, ordezkarien %54,5 eskuratu dituzte.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoa gustura azaldu da emaitza horiekin, eta esan du “langileek gauzak aldatzeko bozkatu” duela. Azaldu du, halaber, aurkako testuinguruan lan egitea tokatu zaiela, “sindikatuaren aurkako desprestigio garaia delako”. Baina nabarmendu du hazi egin direla aurkako testuinguruan.

Erakunde publikoei kritika are zabalagoa egin die Muñoak. “Enpleguaz eta horren kalitateaz arduratzen direla esaten dute, baina euren menpeko lan baldintzetan ez da halakorik gertatzen”. Azpikontratetako zerbitzuak ekarri ditu gogora, edo funtzio publikoan dabiltzan langile askoren baldintzak. Eta baldintza horiek hobetzeko sindikatuak egin duen lanaren emaitza da hauteskunde sindikaletan igo izana, haren ustez. “Horren aurrean lan egitea; hori da kontrabotereko sindikalismoaren ardura”.

Alde horretatik, atzo eratu zen elkarrizketa sozialaren mahaiko argazkia kritikatu du Muñoak: “Mahai horretan ez dago langile klasea ordezkatua”. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkarien %29,2 ordezkatzen dute CCOOk eta UGTk, eta %60,1, berriz, ELA eta LABek. “Jaurlaritzaren eta langileen arteko distantzia handitzen ari da, mahai horretan ez baitaude ordezkatuak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.