Mendebaldeko Sahara

Marokorekin arrantza akordioa egitea onartu du Europarlamentuak

415 diputatuk bozkatu dute alde, 189k aurka eta 49k abstentzioa eman dute. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak duela urtebete ebatzi zuen hitzarmena ezin dela ezarri Mendebaldeko Saharan.

Marokoko eta EBko ordezkariak arrantza akordioa sinatzen, iazko uztailean, Rabaten.
Marokoko eta EBko ordezkariak arrantza akordioa sinatzen, iazko uztailean, Rabaten. Fatim Buaziz / EFE

Berria -

2019ko otsailak 12

EB Europako Batasunak eta Marokok joan den urtarrilaren 14an berritu zuten arrantza akordioa, eta Estrasburgoko ganberak gaur bozkatu du horri buruz. Fronte Polisarioak eta Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio babesten duten erakundeek gogor salatu dute hitzarmena, eta ohartarazi dute Justizia Auzitegiak iaz ebatzitakoa urratzen duela. 

Europako Justizia Auzitegiak bi baldintza jarri zituen Mendebaldeko Sahararen kostaldeko urak halako akordio batean sartzeko: hango herritarren baimena izatea, eta hitzarmenean zehazki aipatzea Mendebaldeko Sahara. Bruselak eta Rabatek egin zuten akordioak, ordea, ez du halakorik biltzen.

Marokok 1975ean inbaditu zuen Mendebaldeko Sahara gehiena, Espainiak —hura kolonizatua zuen herrialdeak— deskolonizazio prozesu bat egin gabe alde egin baitzuen. Gatazka armatua 1991n bukatu zen, eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, Marokok eta Mendebaldeko Sahararen askapenaren aldeko Fronte Polisarioak autodeterminazio erreferendum bat egitea hitzartu zuten. Marokok beste probintzia bat balitz bezala kudeatzen du okupatua duen lurraldea, eta ez du inoiz onartu erreferendum bat egitea.