Kronika

Kaotikoa izan da hasiera

Junquerasen senideak zailtasunekin sartu dira Auzitegi Gorenera

Igor Susaeta -

2019ko otsailak 12

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ahal duen guztietan aldarrikatzen du Espainia "erabateko demokrazia bat" dela. Baina buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren lehen orduetan Gorenaren eraikinaren kanpoaldean gertatutakoak kontuan hartuta, badaude nahikoa motibo kontrakoa pentsatu ahal izateko.  

Adibide oso esanguratsu batek uzten du hori agerian. ERCko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, Oriol Junquerasen senideek zailtasun askorekin sartu ahal izan dira eraikinera, epaiketa hasteko hamar bat minutu besterik falta ez zirenean. Espainiako Poliziak eraikinaren bueltan jarritako kontrolekin topo egin dute. Bazter horietako batean zegoen, ezleku batean, hain zuzen ere, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteordea, Espainiako Poliziaren agenteekin hizketan. Ordu laurden behar izan du kontrol hori igaro, eta, Gorenera sartu beharrean, eraikinaren parean akreditatutakoentzat mugatutako eremu zabal batera sartzeko. Ez dago argi, ordea, Hogar Social Madrid eskuin muturreko elkarteko zenbait kide nola heldu diren haraino. Pankarta bat zabaldu dute, "No nos engañan, Cataluña es España" oihukatu dute pare bat aldiz, eta poliziek sakabanatu egin dituzte. 

Bestela, eskuin muturreko 30 bat pertsona bildu dira Gorenetik gertu, Genova eta Marques de la Ensenada kaleek bat egiten duten bazterrean. Akusatutakoen aurkako pankartak eta Espainiako banderak zeramatzaten aldean, eta, haien paretik igaro direnean ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek deitutako mobilizazioan parte hartzen ari zirenak, iraindu egin dituzte. Poliziaren agenteak zeuden batzuen zein besteen artean, eta tentsioa nabarmena zen.

Epaiketa hasi baino lehen, Kataluniako bi elkarte zibil subiranistek elkarretaratzea egin dute Recoletos pasealekuan, eta haiekin bat egin dute bai Kataluniako indar independentistetako ordezkariek (PDeCAT, ERC, JxC eta CUP), bai Madrilgo elkarteren batek, baita Gure Esku Dago-k ere. Orduan, autoetan pasatzen ari zirenetako batzuek iraindu egin dituzte. Etsaikeria giroa usaindu zitekeen.

Kazetariak eta publikoa

Akreditazioak gaur hartu behar izan dituzte kazetariek (600 bat daude akreditatuta). 08:00etan ireki dituzte ateak, eta ordurako luze samarra zen kazetariek osatutako ilara. Hiruko taldetan sartu dira Gorenean, eta, epaiketa hasita zegoenean, zenbait kide kanpoan zeuden artean ere. Epaiketa hori publiko gisa ikustera etorri direnek ere egoera kaotiko batekin topo egin dute. 40ri utzi diete epaiketa egiten ari diren aretora sartzen, baina horietatik hamazazpi ezin izan dira sartu goizeko saiora, baimena eman dietenerako hasita baitzegoan saioa. Arratsaldean sartu ahal izango dira. Publiko gisa sartzeko ilara ez zen luzeegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna