Narkotrafikoa

Chapo Guzman erruduntzat jo du AEBetako Justiziak

Leporatzen zitzaizkion kargu guztietan jo du erruduntzat Brooklyngo (New York) auzitegiko epaimahai batek. Orain, epaileak zigorra zehaztu beharko du. Bizi guztiko espetxearekin zigortu dezakete.

Chapo Guzmanen epaiketaren gaurko saioko irudia.
Chapo Guzmanen epaiketaren gaurko saioko irudia. Jane Rosenberg/EFE

Berria -

2019ko otsailak 12

Narkotrafikoarekin lotutako hamar kargu egozten zizkion AEBetako Justiziak Joaquin Chapo Guzman narkotrafikatzaile mexikar ezagunari. Sinaloa karteleko buru jo du zinpeko epaimahaiak, eta besteren artean, gaizkile talde iraunkor bat gidatzea leporatu dio. Talde horrek droga kopuru handiak inportatu ditu AEBetan.

Epaimahaiaren erabakia eskuetan duela, auzitegi federaleko epaileak Guzmani zein zigor ezarri erabaki beharko du orain. Horretarako, epaimahaiarekin bilduko da ekainaren 25ean. Guzmani bizi guztiko zigorra ezarri diezaioke epaileak. Egun 61 urte ditu.

Guzmanen epaiketa narkotrafikoarekin lotutako epaiketarik garrantzitsuena eta mediatikoena izaten ari da AEBetan. Segurtasun neurri zorrotzetan ere atzeman daiteke epaiketaren berezitasuna. Esaterako, auzitegi federalaren eraikineko zortzigarren solairuan egiten ari den epaiketa bakarra da Guzmanena. Horrez gain, ohi baino poliziak eta polizia txakur gehiagok zaintzen dute epaiketa, eraikinaren barruan nahiz kanpoan. Zinpeko epaimahaiko kideek ere zaintza berezia dute. Ezkutuan mantendu dituzte kideen izenak, bizitokia eta lantokia. Auzitegira joateko, segurtasun indarrek eskoltatzen dituzte.

Guzmanen kontrako epaiketan 56 lekukok deklaratu dute. Horietatik, 14 izan dira AEBetako Gobernuaren kolaboratzaileak; aurretik Guzmanen taldeko kide izandakoak eta egun espetxean zigorra betetzen ari direnak. Justiziarekin elkarlanean aritzearen truke, zigorra murriztea espero dute kolaboratzaileek. Lekuko horien artean da Norte del Valle karteleko buru izandako Chupeta. Mexikotik AEBetara 400.000 tonelada droga baino gehiago inportatu dituela uste da.

Epaiari helegitea aurkeztuko diotela aurreratu dute Guzmanen abokatuek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna