Frankismoko krimenak

Nafarroako Auzitegiak artxibatu egin du frankismoaren aurkako kereila

2017ko martxoan jarri zuen kereila kriminala Iruñeko Udalak, frankismoren lau biktimarekin batera.

Joseba Asironek eta Emilio Majuelok aurkeztu zuten 2017an kereilaren oinarrian dagoen peritu txostena. IÑIGO URIZ / ARP
2019ko otsailaren 13a
13:22
Entzun

Bi urteren ondoren, Nafarroako Lurralde Auzitegiak artxibatu egin du Iruñeko Udalak eta frankismoaren biktimek aurkeztutako kereaila kriminala. 2017ko martxoan, Iruñeko instrukzio epaitegian aurkeztu zuten salaketa hori, eta zehazki, 309 iruindarren hilketak eta 1.014 kartzelatze ikertzeko eskatu zuten. 1936. eta 1975. urteen artean gertatu ziren krimen guztiak.

Duela urtebete, tramiterako onartzeko baztertu zuten, eta erabaki horren aurka helegitea jarri zuen udalak. Hori ere baztertu du auzitegiak, udalak gisa horretako salaketa bat jartzeko eskumenik ez duela argudiatuta, eta 1977ko Amnistia Legea dela-eta delituak preskribatuta daudelako. Gaur emango dituzte azalpenak kereila sustatu duten senide, eragile eta Iruñeko Udaleko arduradunek. 11:00etan egingo dute agerraldia, Katakraken.

2017an aurkeztutako salaketak ehunka hilketa, espetxeratze eta jazarpen kasu biltzen ditu, baina hamazazpi biktimaren testigantzen inguruan osatu zuten peritu txostena, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlariek bulego horretan jasotako testigantzak, dokumentuak eta bestelako informazioa oinarri gisa hartuta.

Honako hauek dira hamazazpi kasuak: Florencio Alfaro Zabalegi, Gregorio Angulo Martinena, Juan Elian Anton Murgiondo, Martin Arbizu Goñi, Pedro Belloso Garcia, Gloria Bosque Ezker, Jose Luis Cano Perez, Corpus Dorronsoro Arteta, Victorino Garcia Enciso, Moises Garjon Arostegi, Juan Carlos Goñi Ziganda, Jose Roa Garcia, Mariano Saez Morilla, Tomas Salinas Beorlegi, Angel Sanz Montero, Amadeo Urla Aranburu eta Javier Urroz Dominguez. Gainera, horietako lauk —Bosque, Sanz, Garjon eta Roa— pertsonalki egin dute bat kereilarekin, beren izenean edo senideen bitartez, udalaren akusazioari eurena gehituta. "Hortaz, salaketa ez da udalarena soilik izanen, partekatua baizik", esan zuen Iruñeko alkate Joseba Asironek kereila aurkeztu zutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.