Ingurumena

Bozak irabaziz gero, EH Bilduk erraustegiaz galdetuko die gipuzkoarrei

"Auzi judizialak alboratu eta arazoari irtenbide politikoa emateko garaia" dela uste du Juan Karlos Izagirre ahaldun nagusirako hautagaiak, eta "konponbide iraunkor bat" aurkezteko deia egin die alde guztiei.

arantxa iraola
2019ko otsailaren 13a
14:43
Entzun

Juan Karlos Izagirre ahaldun nagusirako hautagaiak esan du Zubietako erraustegiaren auzia "alderdien arteko gatazkatik" atera behar dela. "Gaur beste behin berretsi nahi dugu erraustegiarena ez dela EH Bilduren eredua. Bazeuden eta oraindik ere badaude Gipuzkoako hondakinak tratatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta ingurumenerako inpaktu gutxiagokoak", ohartarazi du. Hala ere, erabakia herritarrek hartzetuko dutela esan du, gipuzkoarrek herrialdea gobernatzeko ardura emanez gero. "Elkarrizketa sozialean eta lankidetzan oinarritutako politikak egiteko garaia" dela iruditzen zaio, "auzi judizialak alboratu eta arazoari irtenbide politikoa ematekoa". Bakoitzak "bere akatsak onartu" behar dituela uste du, eta "konponbide egonkor bat aurkeztu".

Legealdi hau zedarritu dute Gipuzkoako errauste planta egiteko urratsek. 2017. urteko apirilaren 3an azpiegitura egin eta kudeatuko duten enpresekin kontratua izenpetu zuen Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok, pozik: “Egun seinalatua da gaur”. Urrats hura azpiegitura egiteko “behin betiko pausoa” zela nabarmendu zuen. Horren erakusgarri, hilabete pasatxoren bueltan, maiatzaren 10ean, obrak hasi zituzten. 

Ofizialki hasi zituzten, izan ere, lanak aurretik hasita zeuden, sei urte lehenago. Baina gerarazi egin ziren lan haiek; EH Bilduk Gipuzkoako Diputazioan agintea izan zuen legealdian, 2013ko azaroan, GHK-ko eta aldundiko arduradunek jakinarazi zuten obrak bertan behera uzteko akordio bat hitzartu zutela lan horiek egiteko ardura zuten enpresekin. Aintzat hartu nahi izan zituzten azpiegituraren inguruan gizartean sortutako kritikak. Hondakinen kudeaketarako beste eredu bat bazela argudiatu zuten, gainera, eta horren aldeko urratsak lehenetsi behar zirela. «Errauste plantaren mamua amaitu da», defendatu zuten Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente Ainhoa Intxaurrandietak erabakiaren berri ematean.

Behin gobernu aldaketaren ostean, ordea, foru gobernu berriak —jeltzaleak eta PSE-EE buru— argi eta garbi utzi zuen berriz egitasmoa martxan jartzeko beharra. Are gehiago, auzitara ere jo zuen kontratua etetea erabaki zuten buruzagien kontra. Arduradunok usu defendatu dute, ordea, bigarren ekinaldi honetan aurrez egin asmo zutena baino azpiegitura txikiagoa egitea erabaki zutela, eta horrek erakusten zuela aurrekoa ez zela egokia. Errazkin: «Tristea da hau esatea, baina kontratua geratzeko guk hartutako erabakia aprobetxatu zuten azpiegitura txikiago bat egiteko eta, beraz, problema bat saihesteko».

Eztabaida asko eragin ditu Gipuzkoan errauste plantaren azpiegiturak. Ia bi hamarkada dira egitasmoa aurkeztu zutela, eta gizarteko parte handi batean kezka eragin du; protesta ozenak ere bai. Gipuzkoa Ingurumen Guneaizena ipini diote agintariek, baina kritikoen aburuz, ingurumenean eragin dezakeen kaltea handia da: kezka iturri dira errauste plantaren isuriak, eta planta hori izateak berak hondakinen kudeaketa arduratsu batean eragin dezakeen kaltea. Kritika ugari eragin ditu planta kudeatzeko hautatu den bideak ere: 2016ko abenduan jakinarazi zuen aldundiak zein bide ebatzi den horretarako: 768 milioi emango dizkie enpresei azpiegitura kudeatzeagatik, 32 urtean. Urtean 23,6 milioi izango dira, eta zatirik handiena izango da instalazioak erabilgarri izateagatik: 21,7 milioi. Proposamen hori aski “onuragarria” dela defendatu du usu aldundiak, baina horrek herrialdean hainbat hamarkadatan ekarriko duen zama ekonomikoa salatu dute usu kontra daudenek.

Azpiegitura bi fasetan egitea erabaki zen. Lehen faseko lanak aurreratuta daude; hondakinen tratamendu mekaniko eta biologikorako planta bat egin dute, eta errauste planta. Udazkenerako martxan nahi dutela adierazi dute aldundiko buruek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.