Indarkeria matxista

Gasteizen andrea hil zuen gizonak aitortu du gorpua zatitzea erabaki zuela, harrapatu ez zezaten

Hogei urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, aurrez pentsatutako hilketa batengatik

jarraia162796.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko otsailaren 13a
15:26
Entzun

Atzo osatu zen herri epaimahaia eta goizean hasi da akusatua deklaratzen. Auzitegi arrunt batek eraman du instrukzioa, eta ez bortizkeria matxistan espezializatutako batek. Genero indarkeriaren legezko definiziora lotu ziren hori erabakitzeko, hau da, argudiatu zuten hiltzailearen eta biktimaren artean ez zegoela bikote harremanik. Ez zaio genero indarkeriagatik epaituko, beraz.

2016an Gasteizen izandako hilketa bat leporatzen diote. Urte hartako ekainaren 21ean aurkitu zituzten Marga izeneko emakumearen arrastoak, baina, berez, hilaren 15ean hil zuen, akusatuak berak hainbatetan aitortu duenez. Fiskaltzak akusazio idatzian jaso duenez, gizonaren etxebizitzan gertatu zen hilketa, Gasteizko Alde Zaharrean. Elkar ezagutzen zuten gizonak eta emakumeak: adiskide harremana zuten. Egun hartan, eztabaidan hasi ziren, eta akusatuak kolpe bat eman zion andreari objektu batez, hiltzeko asmoz, fiskalaren aburuz. Emakumeak salaketa jartzearekin mehatxatu zuen, eta gizonak lotu egin zuen, eta immobilizatu. Ondoren, biktimaren "babesgabetasuna" aprobetxatuta, akusatuak jipoitu egin zuen. Buruko traumatismo ireki baten ondorioz zendu zen Marga. Baina, hil eta gero, emakumea desagerrarazi nahi izan zuen akusatuak. Ondorengo egunetan, andrearen gorpua zatikatu zuen, eta arrastoak Zadorra ibaira bota zituen, Abetxuku ingurutik. 

Fiskalaren galderei erantzunez, "eztabaida batean bere onetik atera" zuelako hil zuen gizonak biktima. Marga hil ondoren, bi egun igaro zituen haren gorpuarekin zer egin erabaki ezinik. Esan du gorpua zatitzea erabaki zuela, "harrapatu ez" zezaten. Lehenengo burua moztea erabaki zuela azaldu du: "Pertsona bat zatitzen ari nintzela ez pentsatzeko".

Akusatuari egindako azterketa psikologikoek azaleratu dute gizonak nortasunaren nahasmendu bat duela, baita alkoholarekiko eta kalamuarekiko mendekotasuna ere. Dena den, fiskalaren ustez, horrek ez du esan nahi gizonak erantzukizun kriminalik ez duenik: hilketa gertatu zenean, akusatuak ez zeukan galduta errealitatearen nozioa, eta, beraz, gai zen bere ekintzak ulertzeko, akusazio idatziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.