Epaiketaren bigarren saioa, minutuz minutu

 

Jon O. Urain -

2019ko otsailak 13

Akusazioen txanda izan da gaur Kataluniako epaiketan. Fiskalek, estatuaren abokatuak eta akusazio partikularrak hitz egin dute, eta ukatu egin dituzte auziaren izaera politikoa eta eskubide urratzeak. Horrela kontatu du BERRIAk.

Zuzeneko kontakizuna

13:24
2019-02-13

Voxeko abokatuak amaitu du, eta Marchenak bukatutzat eman du gaurko saioa. Bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etan. Orduan Oriol Junqueras hasi beharko litzateke deklaratzen.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:07
2019-02-13

Herri akusazioaren txanda; Pedro Fernandez Voxen abokatua. Hasteko, lehen eskaria: Jordi Sanchezek "apaingarri bat" daramala paparrean —xingola hori bat—, eta kenduarazteko. Marchena epaimahaiburuak ezezkoa eman dio berehala, Estrasburgoko auzitegiak Belgikaren eta Bosnia eta Herzegovinaren aurka emandako bi sententzia gogora ekarrita.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:00
2019-02-13

Rosa Maria Seoane estatuko abokatua hizketan. Hura ere banan-banan ukatzen ari da defentsak salatutako eskubide urraketak. Esaterako, bigarren instantziarako eskubidea: alegia, auzia bi auzitegik aztertzekoa. Defentsak salatu zuen, auzia Auzitegi Gorenean —alegia, Espainiako maila altueneko epaitegian— aztertuta, soilik hark ebatziko duela gaiaz, eta, beraz, urratu dutela bigarren instantziarako eskubidea. Seoanek erantzun du eskubide hori ez dela absolutua eta ez dagoela bigarren instantziarako beharrik epaitzen duen auzitegia maila altuenekoa baldin bada.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:35
2019-02-13

Berriro ekin diote saioari. Estatuko abokatuaren txanda da, eta epaiketaren izaera politikoa ukatuta hasi da: "Zigor zuzenbide demokratikoa gauzatzen ari gara hemen, ez atzo aipatutako etsailaren zigor zuzenbidea".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:51
2019-02-13

Amaitu du Fidel Cadenak ere. Lehenengo bi fiskalen hitzaldiak argi erakusten du fiskaltzaren asmoa urrun dagoela akusazioak apaltzetik. Matxinadari eta indarkeriari etengabeko erreferentziak. Etena 12:25 arte

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:40
2019-02-13

Akusatzaile bainoago, Fidel Cadena fiskala ere defendatzaile lana egiten ari da, etengabe ari baita defendatzen prozesu judizial osoa eta auzipetuen aurka hartutako badaezpadako neurriak.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:33
2019-02-13

Fidel Cadena, eskubide urraketez

Ideologia askatasunaz: "Hemen ez da ideologia bat epaitzen; ez da ideologia askatasuna urratu. Hemen plan zehatz bat dago jokoan: Zigor Kodeko 472. artikuluko jokabide bat epaitzen da". Artikulu hori da matxinada delitua jasotzen duena.

Adierazpen askatasunaz: "Badaezpadako neurriak hartzen dira ez daitezen itzuli delituak egin zituzten plataformetara".

Parlamentarien bortxaezintasunaz: "Iritziei buruzkoa da bortxaezintasuna, ez delitu izan daitezkeen ekintzei buruzkoa".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:21
2019-02-13

Cadena, subiranotasunaz eta Mariano Rajoyren esaldi kuttunak berreskuratuz: "Ez dago burujabetza katalan bat: soilik espainiarra. Erabakitzeko eskubidea Espainiako herri osoari dagokio. Ezin dute gutxi batzuek erabaki denei dagokienaz. Katalunia ez da soilik separatista katalanena". Hiru aldiz errepikatu du esaldi bera: "Ez dago legaltasun demokratikorik legaltasun konstituzionalaren kanpoan".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:17
2019-02-13

Soslaia: Fidel Cadena

Javier Zaragozak amaitu du, eta Fidel Cadena fiskala ari da orain.

Javier Zaragozaren promoziokoa da Fidel Cadena (Zaragoza, Espainia, 1957). Aragoiko Auzitegi Nagusian aritu ondoren, 2009an izendatu zuten Espainiako Auzitegi Goreneko fiskal. Iaz, Estatuko fiskal nagusi Javier Sanchez-Melgarrek Hagara (Herbehereak) bidali zuen Alemaniako fiskal batzuekin biltzera, Pablo Llarena Goreneko epaileak Carles Puigdemonten aurka eskatutako euroagindua aurrera atera ote zitekeen aztertzeko. Ez zuen lortu.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:16
2019-02-13

AUTODETERMINAZIOA EZTABAIDAGAI

Autodereminazioari buruzko eztabaidara sartu da Zaragoza: "Ez du kobertura nazional edo internazionalik. Ez sezesio eskubideak, ezta erabakitzeko eskubideak ere. Ez dago hura babesten duen araurik". Nazio Batuen Erakundeko hiru ebazpen nabarmendu ditu (1514, 2625 eta 1541), azpimarratzeko autodeterminazio eskubidea "herri azpiratuek" edo "komunitate etniko bat" dutenek balia dezaketela; inola ere ez "autogobernua" aitortuta duten lurraldeek.

Bi aurrekari nabarmendu ditu: 2015ean eta 2017an, Italiak eta Alemaniak Venetori eta Bavariari debekatu zieten autodeterminazio erreferendumak egitea. Ebazpenak "onartu" zituztela-eta, Venetoren eta Bavariaren "kultura demokratikoa" txalotu du. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren garaiko estatutu proposamena ere ekarri du gogora: Espainiako Kongresura joan zen proiektua defendatzera, baina ezezkoa jaso zuen. "Badirudi ez dutela lezioa ikasi".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:57
2019-02-13

Azaroaren 9ko kontsultari buruzko sententziak dakartza gogora Zaragozak: "Esaten da bozkatzea ez dela delitua. Baina botoa emateko eskubidea ez da gauzatzen kolektibo batek nahi duenean, ordenamendu juridikoak ezartzen duenean baizik".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:48
2019-02-13
10:47
2019-02-13

Fiskala, U-1az: "Soilik bi lagun zauritu ziren larri"

Urriaren 1eko erreferendumaren indarkeria torturaren parametroetan sar daitekeela esan zuen atzo Benet Salellas abokatuak. Horren kontra dago fiskala: "Zentzugabekeria juridikoa da". Izan ere, argudiatu du "soilik bi lagun larri zauritu" zirela: "Batek bihotzekoa izan zuen eta beste batek gomazko pilotakada bat jaso zuen, hesi bat Poliziari bota eta gero". Gainera, egun horretako indarkeria "ezin zaie egotzi Segurtasun Indarrei, giza harresi gisa Poliziaren lana galarazteko asmoz milaka herritar mobilizatu zituztenei baizik". Edozein gisara, "indarkeria polizialari buruzko ikerketak ez dira prozesu honen helburua", Zaragozaren esanetan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:46
2019-02-13

Torra: "Egun bakarrean, agerian geratu da jazarpen politikoa"

"Neu izan nintekeen Jordi Cuixart, Omniumeko presidente izan bainintzen". Gogor salatu du Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

10:35
2019-02-13

Epaiahaiaren inpartzialtasunaz, fiskala: "Epaimahaikide hauek errekusatuak izan dira, eta aztertu da horien inpartzialtasuna. Errekusazio guztiak baztertu dira, eta, beraz, ezin da zalantzan jarri beren inpartzialtasuna. Gaia ebatzita dago".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:25
2019-02-13

Fiskala, gogor: "Jarduera politikoak ez du justifikatzen [irailaren 20ko protestetan] batzorde judizial bat atxiki eta ia bahitua edukitzea. Ez du justifikatzen Auzitegi Konstituzionalak debekatutako ereferendum batera deitzea eta gainerako herritarrei antolaketa politiko eredu bat inposatzea". "Plan kriminalean eskumen maila ezberdinak" izan zirela uste du Zaragozak.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:21
2019-02-13

Badirudi Zaragozak argudiategi politikoa lehenestea erabaki duela: "Prozesu honetan, ez dira ideologiak jazartzen. Kausaren oinarria da planteamendu politiko bat gainerakoei inposatzeko nahia da". Epaitu guztiak "beren ekintzengatik" epaitzen ari direla azpimarratu du Zaragozak; horren erakusle, auzipetuek urteak daramatzatela beren ideiak defendatzen: "Justizia penala ezarri zaie konstituzioan ezarritako mugak gainditu dituztenean". Erantsi du politikari izateak ez duela justifikatzen "legalitate paralelo bat" garatzea edo "milaka herritar erabiltzea ebazpen judizialak bete ez daitezen".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:17
2019-02-13

Zaragozak "gertatutako erasoen larritasuna" nabarmendu du: "Legalitatetik kanpo aritzea ezin da zigorgabe geratu". Ukatu du independentismoaren aurkako "kausa orokor bat" dela: "Ez da proiektu politiko subiranista epaitzen, 2017ko iraileko eta urriko gertakari oso larriak baizik".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:15
2019-02-13

Soslaia: Javier Zaragoza

Donostian hasi zuen fiskal ibilbidea Javier Zaragozak (Teruel, Espainia, 1955), Drogen Aurkako Fiskaltzan, 1980ko hamarkadan. Arlo horretan jarraitu zuen lanean urte luzez; 2006an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzako buru izendatu zuten, Eduardo Fungairiñoren ordez. Parte hartu du ETAren eta ezker abertzalearen aurkako auzi ugaritan —Bateragune auzian, esaterako—. Berak koordinatu zuen estatuaren akusazioa 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen auzian ere. UPF Espainiako fiskal progresisten elkarteko kidea da.

10:15
2019-02-13

Javier Zaragoza: "Hau demokrazia espainiarraren eta ordena konstituzionalaren defensan eginiko epaiketa bat da. Sistema demokratiko baten defentsan eginik epaiketa bat".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:13
2019-02-13

Javier Zaragoza fiskala gogor hasi da: defentsako abokatuei egotzi die "ddefentsa alegatuak bainoago, akusazio libeloak" egin izana,"Espainiako zuzenbide estatuaren kalitate demokratikoa zalantzan jartzeko helburuarekin". "Erridikulua eta justifikaziorik gabea" iruditzen zaio hori: "Biktimatzat agerrarazi nahi dituzte ordena konstituzionala irauli inahi izan dutenak".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:13
2019-02-13
10:08
2019-02-13

Hasi da epaiketaren bigarren saioa; fiskalaren txanda. Defentsek salatutako "ustezko" eskubide urraketei kontra egingo die.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:02
2019-02-13
09:52
2019-02-13

Comin: "Hau ez partida honetako azken borroka"

TV3 kateari eskainitako elkarrizketa batean Toni Comin kontseilari ohiak nabarmendu du Estrasburgora begira jartzeko unea dela. Auzipetuen jarrera goraipatu du buruzagi independentistak eta baita gaitzetsi ere Carles Puigdemont presidente ohiari deklaratzen utzi ez izana.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

09:29
2019-02-13
09:25
2019-02-13

Segurtasun neurriak

Epaitegi barruan ez ezik, kanpoan ere tentsio uneak bizi izan ziren atzokoan. Madrilek polizia operatibo itogarria jarri zuen auzitegien inguruan, elkartasuna adieraztera nahiz informatzera joandako kazetarien lana oztopatuz. Aldiz, eskuin muturreko zenbait kidek segurtasun kontrolak igaro eta Gorenaren parera heltzea lortu zuten.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

09:20
2019-02-13

Akusazioaren txanda

Defentsaren argudiok entzun ahal izan ziren atzo Espainiko Auzitegi Gorenean, Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiketako lehen egunean. Gaur, berriz, akusazioaren txanda izango da. Fiskaltzak, estatuko abokatuak eta Voxek hartuko dute hitza. Goizeko 10:00etan hasiko da bigarren saioa.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna