Klima aldaketa

Dozenaka hartz zurik Errusiaren mendeko artxipelago artiko bat hartu dute, janari bila joanda

Hartzak Zembla Berria artxipelagoko zabortegian ari dira elikatzen, nagusiki, baina herrietako kale eta eraikinetan ere ibili dira. Agintariek larrialdi egoera izendatu dute.

2019ko otsailaren 13a
20:56
Entzun

Izututa eta kezkatuta daude Artikoko Zembla Berria artxipelagoko bizilagunak. Hartz zuriak gosetuta eta beren ohiko habitatetik kanpo dabiltza. Gizakien eta hartzen beldurrek bat egin dute 3.000 herritar ingururen bizitokia den Errusia iparraldeko eremu horretan. Gune militarra da, zentral nuklear bat du eta kokaleku txikiz osatuta dago.

Janari gehiena Zembla Berriko zabortegian aurkitu dute hartzek, baina artxipelagoko kokalekuetako kaleetan barrena ere ibili dira, eta etxeetara eta lokaletara sartu dira. "Inoiz ez bezalako inbasioa da", adierazi du Zhigansha Munis tokiko administrazioko buruak. Hartzek eraso egin diete hainbat herritarri, eta bizilagun asko ez da ausartzen kalera irtetera.

Arazoa ez da hori bakarrik, ordea. Elkarte ekologistak arduratuta daude, uste baitute klima aldaketaren ondorio dela hartzen jokabidea. Hala salatu du Greenpeacek. Aderazi du Lurraren berotzeak kalte egin diola hartz zuriaren habitatari, eta, azken urteetan izotz plakak desagertzen ari direnez, hartzak eremu horietan eskuratzen zuen janaria orain gizakia bizi den tokietan bilatu behar duela.

Errusiako iturri ofizialek ez dute bat egin klima aldaketa eta hartzen presentzia lotzeko ideiarekin. Adierazi dute ezen, dirudienez, ez direla behar bezala bete zaborra kudeatzeko uharteetan indarrean diren arau zorrotzak, eta hartzak erakarri dituela gizakiak zaborretara botatako janariak.

Greenpeacek ohartarazi duenez, klima aldaketaz gain, badira hartz zuriaren etorkizuna mehatxatzen duten beste aldagai batzuk ere. "Trump, Putin eta petrolio zundaketak" aipatu ditu. "Artikoa suntsitzea negozio aukera gisa ikusten dute oraindik ere, eta planetako gune babesgabeenetako bat bihurtzen ari dira eremu hori".

Hartz zuria galtzeko arriskuan dago, eta babestuta dago Errusian, iparraldeko zenbait talde indigenak hura ehizatzeko baimena badute ere. Greenpeacek ohartarazi du hartz zuriaren egoera "oso larria" dela. "Artikoan egun dagoen berotze joerarekin, baliteke datorren mendearen hasieran desagertzea". Nabarmendu duenez, azken 45 urteetan %30 murriztu da hartz zurien kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.