Finantzen Euskal Kontseilua

Markel Olanok uste du Ekarpen Legea adosteko "baldintza objektiboak" daudela

Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du "azken bultzada" baizik ez dela falta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2012tik luzatuta dagoen lege garrantzitsua berritzeko.

xabier martin
2019ko otsailaren 14a
12:59
Entzun

Markel Olano baikor dabil Ekarpen Legearen inguruan gaur batzartuko den Finantzen Euskal Kontseiluan lor daitekeenari begira. Gipuzkoa oso deseroso dago aspaldian itunpeko zergen bilketa lurraldeen artean nola banatzen den finkatzen duen legearekin. 2012tik luzatuta dago, akordio baten zain, eta urte hauetan Gipuzkoa oso kaltetua ateratzen ari dela diote lurralde horretan, baita Araban ere. Bizkaiak ez du presarik, ordea, ustez hura delako Ekarpen Legearen onuradun handiena, gaur egun finkatzen dituen irizpideekin.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak, ordea, legea berritzeko gaur bertan akordio baten oinarriak ezar daitezkeela uste du. Hala esan du Onda Vasca irratian. Ikusteko dago, ordea, Eusko Jaurlaritzak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek akordio baten inguruan jarrerak hurbildu ote dituzten. Finantzen Euskal Kontseiluan elkartuko dira denak gaur bertan, eta laster argituko da EAJren esku daude erakunde horiek guztiak gai ote diren ados jartzeko oinarrizko lege horren inguruan.

Atarikoan behintzat, Markel Olanok ez du zalantzarik egin akordio baten alde bultzatzeko. "Baldintza objektiboak" daudela dio itun bat egiteko, eta "azken bultzada" baizik ez dela falta. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, ordea, argitu zuen herenegun Ekarpen Legea ez zegoela gaurko goi bileraren gai zerrendan. Ordu guzti barru ikusiko da Gipuzkoako ahaldun nagusiaren baikortasunak zenbateko oinarria duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.