78ko sanferminak

German Rodriguez hil zuten eguneko 'Martin Villa txostena' eskuratu du 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak

Agiri horiek desklasifikatzeari uko egin diote 40 urtez Madrilen, baina azkenean EH Bilduren eskutik lortu dute, Espainiako Kongresuko hainbat alderdik txostena jasotzeko eskaera egin ondoren.

German Rodriguez hil zuten lekua, 1978ko uztailaren 10ean. XANNI IDOATE ETA JAIME MORRAS
jon ordonez garmendia
2019ko otsailaren 14a
07:09
Entzun

Estatu sekretu bat izan dira 40 urtez, baina azkenean 78 Sanferminak Gogoan elkarteak lortu du eskuratzea 1978ko uztailaren 8an German Rodriguez hil zuten gertakariak jasotzen dituzten hainbat agiri. Martin Villa txostenean jasota daudenak dira, eta elkarteak jakinarazi du euren abokatuak txosten horiek aztertzen ari direla. Urtarrilaren 22an kereila bat aurkeztu zuen elkarte horrek egun horretako gertakarien harira, eta orain eskuratutako informazioa prozesu horretan baliatuko dute.

1978ko uztailaren 8an Espainiako Polizia Iruñeko zezen-plazan sartu zen peñetako kideek amnistiaren aldeko pankarta bat atera zutenean. Handik aterarazi zituzten harmailetan zeudenek, eta horren ondoren istilu larriak eragin zituen Poliziak. "Ez inporta hiltzea", entzuten da egun horretako polizia baten audioan. Istilu horietan tiro egin zuen Poliziak eta horietako batek German Rodriguez gazte iruindarra hil zuen.

Martin Villa txostenean egun hartan gertatutakoa jasotzen duten agiriak daude. Gobernu Zibilak, Segurtasun zuzendariordeak eta Polizia inspektoreburu batek egun horietan egindako txostenak jasotzen ditu. 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak agiri ofizialak eskuratzeko trabak salatu ditu behin baino gehiagotan. Azkenean Espainiako Kongresuan aurkitu du txostena EH Bilduk eta elkartearen esku utzi du. Podemos, IU, Compromis, ERC, PdeCat eta Podemosek ere egin zuten txostena jasotzeko eskaera.

Orain ezkutuan egon diren agiri horiek eskuratu dituen arren, elkarteak salatu du Espainiako Barne eta Defentsa Ministerioetan "ezkutaturik" dauzkatela beste agiri "garrantzitsu" batzuk, eta horiek ere eskuratzeko lanetan jarraituko dutela.

Martin Villa txostena ez da beti egon ezkutatuta. 1978ko uztailaren 19an bertan eztabaidatu zuten Espainiako Kongresuko batzorde batean, baina harrezkero desagertuta egon dira. 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuak behin baino gehiagotan eskatu du desklasifikatzeko egun horretako agiriak, baina Madrilen behin eta berriz uko egin diote horri. Azken hilabeteetan eskaera hori PPko eta PSOEko gobernuei egin die elkarteak, baina ez batek eta ez besteak ez du aintzat hartu, eta elkarteak berak salatu duenez, txosten hori existitzen zenik ere ukatu dute.

Iaz maiatzean, gertakari horien 40. urteurrenaren atarian, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen horien inguruko informazioa desklasifikatzeko eskaria, PP, PSOE eta Ciudadanosen kontrako botoekin. 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak salatu egin zuen alderdi horien jarrera, eta PSOEren jarrera kritikatu zuen bereziki: "Nafarroan proposamenaren alde egin zuten, eta Madrilen, berriz, kontra".

Urtarrilean kereilaren aurkezpenean hala esan zuen Fermin Rodriguezek, Germanen anaiak: "40 urte igaro dira justiziarik egin gabe. Egia, justizia eta ordaina eskatzen ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.