Joaquim Forn: "Independentzia deklarazioa ez zen bozkatu: irakurri baino ez zen egin"

 

Berria -

2019ko otsailak 14

Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilari zenak Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako auzian deklaratu du gaur, epaiketaren hirugarren egunean. Fornek esan du mossoek ez zutela inoiz agindu politikorik jaso bere sailetik, eta polizia judizial gisa zegozkien jarraibideak bete zituztela. "Mossoen ezein ekintza ez zen izan Espainiako Konstituzioaren aurkakoa". Fidel Cadena fiskalaren galderei erantzunez, Joaquim Forn Kataluniako Generalitateko Barne kontseilari ohiak argi bereizi nahi izan ditu bere "konpromiso politikoa" eta Mossoek beren egitekoa legeriaren arabera bete izana: "Gauza bat nire konpromiso politikoa, eta beste bat Barne kontseilari gisa egindakoa. Mossoek inoiz ez zuten agindu politikorik jaso". Gogora ekarri du Mossoen buruzagiek Auzitegi Nazionalean deklaratu zutela.

Urriaren 1eko dispositibo polizialaz ere aritu da Forn. Bi mosso joan ziren hautesleku bakoitzera. Fiskalak galdetu dio ea "oniritzia" eman zion planari, eta "nahikoa" iruditzen ote zitzaion. Fornek erantzun du mossoen inoizko operatiborik jendetsuena izan zela hura: 8.000 polizia guztira. Alderaketa bat: 92.000 lan ordu egin zituzten mossoek urriaren 1ean; abenduaren 21eko hauteskundeetan, berriz, 84.000 ordu —kontuan hartzekoa da, gainera, hauteskundeetan botoa ematera joateko lau orduko tartean zegokiola mosso bakoitzari, eta beraz, agente gehiago behar zirela lan bera egiteko—. Epailearen agindua izan zen erreferenduma eragozteko 40.000 polizia inguru mobilizatzea. Mossoen lantaldea kontuan hartuta, zifra hori betetzea "ezinezkoa" iruditzen zaio Forni.

Bestalde, Kataluniako Gobernuari informazioa falta izan zitzaiola nabarmendu du Fornek."Ezein momentutan ez zuen Generalitateak Guardia Zibilaren eta Poliziaren asmoen berri izan".

Urriaren 1eko erreferendumean, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 106 hautesleku itxi zituzten, Fornen esanetan. Mossoek, berriz, 396.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako hainbat neurriri buruz ere galdetu dio fiskalak Forni. Kontseilari ohiak azaldu du ezagutzen zituela ebazpen horiek: "Ez dut zalantzan jartzen Auzitegi Konstituzionalaren autoritatea, baina alderdiek izendatutako magistratuek osatzeak zalantzan jartzen du bere inpartzialtasuna". Gaineratu du Konstituzionalaren ebazpen guztiak bete zituela bere departamentuak.

Galdeketaren ondorena

Fornen defentsa abokatu Xavier Melerok urriaren 1etik 10erako egunei buruz galdetu dio. Urriaren 10ean, Carles Puigdemont gobernuburuak independentzia deklarazioa egin eta berehala suspentsioan utzi zuen. Fornek gogorarazi du egun horretan ez zela bozketarik egon eta inork ez zuela eskatu ere. Ezein diputatuk ez zuen eskatu deskonexio legeen arabera jokatzea, Fornen arabera.

Urriaren 27an, Kataluniako Parlamentuak onartu zuen independentzia deklarazioari buruz esan du bozkatu ziren ebazpenak ez daudela jasota parlamentuko aldizkarian, eta ez dela ekintza administratiborik egin norabide horretan.

Urriaren 25eko gobernu bilera

Fornek azaldu du urriaren 25ean Generalitateko jauregian gauez egin zen bileraren zergatia "oso garrantzitsua" zela: "Hauteskundeetara deitu ala independentzia deklarazioa egin erabakitzea". Fiskalari erantzun dio ez duela oroitzen zehazki nortzuk egon ziren bilera horretan.

Fiskalak galdetu dio: "Jende asko al zegoen independentzia deklarazioaren oso aldekoak, Oriol Junqueras kasu?". Fornek bere iritzia zein izan zen azaltzera mugatu da. Bere esanetan, elkarrizketarako bide guztiak agortzearen alde agertu zen. Gaineratu du jakina dela Carles Puigdemont Kataluniako orduko presidentea ere hauteskundeetara deitzearen aldekoa zela.

Irailaren 20ko miaketak

Irailaren 20ko miaketa eta manifestazioen inguruan, berriz, hala galdetu dio fiskalak: "Badakizu Guardia Zibilaren autoak txikitu zituztela? Badakizu Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart autoetara igo zirela?". Fornek ez du azaldu zehazki zer egin zuten mossoek, baina uste du mossoak joango zirela batzorde judizialaren lana bermatzera. Hala ere, kexatu egin da Guardia Zibilak ez zielako abisatu mossoei operazioaz, eta gogora ekarri du Kataluniako poliziari dagokiola ordena publikoa kudeatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna