Hezkuntza

LABek Eskola Kontseiluko buruaren dimisioa eskatu du

LAB sindikatuak kritikatu egin du Euskadiko Eskola Kontseiluak Jaurlaritzaren irakasle postuetarako lan eskaintzari buruz egin duen txostena. Proposamen hori gardentasunik gabe lantzea egotzi dio. Ordezkoak azterketetara "derrigor" joan behar izatea proposatu du kontseiluak.

Maider Izagirre LABeko Hezkuntza arduraduna eta Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. LAB
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 14a
21:41
Entzun

"Prozeduraren gardentasun eza, hezkuntza komunitateraren parte hartze eza eta inolako eztabaidarik garatu ez izana" leporatu dio LABek Eskola Kontseiluari. Salatu du prentsaren bidez izan duela txostenaren berri.

Eskola Kontseiluak ez du hezkuntza eragileekin proposamena eztabaidatzeko saiakerarik egin, LABen esanetan. "Lotsagarria da hezkuntza komunitatearekin adostutako neurria dela adieraztea, inongo momentuan eztabaidarik garatu ez den neurrian. Hamaikagarren aldiz arrabola pasatzea erabaki dute hezkuntza komunitatearen iritziaren gainetik. Zoritxarrez, ez da horrelako gertaera bat ematen den lehen aldia". Herenegun unitate didaktikoarekin eta hezkuntzaren gaineko akordio proposamenarekin ere gauza bera gertatu dela adierazi du sindikatuak.

Sindikatuak gaineratu du ikasturte hasieratik agertu dela kontseiluak iragarri duen proposamenaren aurka, eta haren harira hainbat mobilizazio egin dituela gogorarazi du. "Alegazioak eta emendakinak aurkeztu ditugu gure aurkako jarrera argi adierazteko, eta ez dugu inolako erantzunik jaso".

Guzti horrengatik, LABek Nelida Zaitegi Eskola Kontseiluko buruaren dimisioa eskatu du. Eskola Kontseiluaren barne araudia "errotik" aldatzea eta Eskola Kontseiluak "kortijo" bat izateari utzi diezaiola ere galdegin du sindikatuak.

Eskola Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari luzatu dion txostenean proposatu du hezkuntza publikoko ordezko irakasleek "derrigor" aurkeztu behar izatea oposizioetara, lan deialdi publikoa egiten den aldiro. Aldaketa horrek milaka irakasleri eragingo lieke, ordezko asko ez baitira azterketetara aurkezten. Jaurlaritza urrats batzuk egiten ari da oposizioei pisu handiagoa emateko: hurrengo deialdian, azterketa gainditu eta lanpostu finkoa lortzen ez dutenek sei puntu jasoko dituzte ordezko listetarako. Hau da, urtebeteko esperientziak adina puntu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.