Kanpainako lehen ekitaldia

Legegintzaldiaren errepasoa egin du Sanchezek bere hautagaitza aurkezteko. Eskuinaren aurka jo du zuzenean. Bideo-iruzkina: Martxelo Otamendi.

jon ordonez garmendia
2019ko otsailaren 15a
18:10
Entzun

Espainiako presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo dira apirilaren 28an. Hauteskunde kanpaina, beraz, Aste Santuan eta Pazko astean egingo dute alderdiek, opor garaian. Hori ez da eragozpen bat izan bozetara deitzeko, PSOEko zenbaitek azken egunetan aitortu duen bezala, Espainian alderdiak kanpainan daudelako jada duela zenbait hilabetetatik. Hori hala izanik ere, Pedro Sanchezen gaurko agerraldia kanpainako lehen ekitalditzat har daiteke, bozetara deitzeaz gain, bere agintaldian onartutako neurriak azpimarratu baititu, beste alderdi guztiengan jarri du egoera politikoaren ardura, eskuinekoengan besteengan baino gehiago. Hori izan da bere hautagaitzaren aurkezpena.

Ekonomia, ongizatea eta elkarrizketa izan ditu hizpide Sanchezek. Hauteskundeetarako eguna eman duenerako, hogei minutuz aritu da hizketan. Gogoratu du Mariano Rajoyren kontrakoa Espainian aurrera atera zen lehen zentsura mozioa izan zela, eta PPren ustelkeria ekarri du gogora, legez kanpo finantziatu eta aberastu zela adieraziz. Rajoyren zentsura mozioa eragin zuen epaian epaimahaikideek erabili zituzten hitzak erabili ditu Sanchezek ere: "ustelkeria sarea". Oposizioaren leialtasun faltaz aritu denean, Ciudadanos ere aipatu du PPrekin batera, eta euren interesaren alde aritzea leporatu die, "interes orokorraren aurka". Aurrera atera dituen neurriak izendatzeaz gain, oposizioak "blokatu", "geldiarazi" dituen neurriak ere aipatu ditu.

Asteazkenean Espainiako aurrekontuen aurka bozkatu zuten beste alderdiak ez ditu zuzenean aipatu, baina PPren ustelkeria azpimarratu ondoren, zentsura mozioa onartu zuten horiengan jarri du arreta, esanez zentsura mozioa onartzeak berekin dakarrela konpromiso bat. Ez du zuzenean Kataluniako alderdien kontra egin, baina adierazi du horiek azaldu beharko dutela zergatik bota dituzten aurrera "aurrekontu sozialak" autodeterminazioaz hitz egiten ez delako. Gaurko agerralditik ondorioztatu daiteke Pedro Sanchezen kanpainaren ardatza zein izango den: eskuinaren gorakadaren aurrean irabazi dezakeen aukera bakar gisara aurkeztuko da, eta horretarako Rajoyren aurkako zentsura mozioan jaso zituen babesak berriro lantzeko eta jasotzeko prest dago.

Hiru aste geratzen dira, gainera, Espainiako Kongresua eta Senatua desegiteko. Hauteskundeak apirilaren 28an izan daitezen martxoaren 5ean desegin behar dira Espainiako Gorteak. Ziurrenik hiru aste hauek baliatu nahi izango ditu Sanchezek gaur azpimarratutako guztiaren ildotik hainbat neurri onartzeko, nahiz eta jakin agian gero beste gobernu batekin ez direla aurrera aterako. "Herritarrek ikusi dute zein den gobernu honen bide orria". Abantaila izango du alde horretatik, ekimena berea izango baita, eta beste guztiek atzetik joan beharko dute euren lekua egiten.

Gaur bertan Ministro Kontseilu bilera egin du Espainiako Gobernuak, eta Franco Erorien Haranetik ateratzeko dekretua onartu du. Sanchezek agenda markatzeko aukera izango du datozen egunetan, eta balio handiko erreferentzialtasuna eman diezaioke horrek, batik bat aintzat hartuta bere hauteskunde kanpaina izango diren bi aste horietan herritarrak oporretan egongo direla. Ez da ahaztu behar, gainera, Mariano Rajoyren zentsura mozioa iritsi zen arte bere lidergoa auzitan egon zela baita PSOEren barruan ere (idazkari nagusi kargutik kendu zuen alderdiaren egiturak, eta gero primarioak irabazi zituen militanteen babesarekin), baina kolpe hura emanda bederatzi hilabete hauetan lidergoa sendotu duela, eta PPk eta Ciudadanosek eskuinerantz bira egin izanak eta Podemosen krisiek bidea libre utzi diotela herritarren aurrean bere itzala handitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.