Espainiako bozak

Urkullu: "Irtenbideak atzeratzea baino ez du ekarriko"

Espainiako Gobernuaren ezegonkortasunaren aldean, "Euskadin bizi den kontrastearen balioa"  goraipatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. EH Bilduk, berriz, erabakiaren atzean "Sanchezen kalkuluak" daudela kritikatu du.

Urkullu, Barakaldon, otsailaren hasieran EAJk egindako ekitaldi politikoan. ENDIKA PORTILLO, FOKU.
2019ko otsailaren 15a
14:30
Entzun

"Errealitatea onartu behar da", esan du Iñigo Urkulluk Espainiako Gorteetarako hauteskundeak apirilaren 28an izango direla jakin bezain laster, eta "erantzun eraikitzaileak" bilatzen hasi beharra dagoela nabarmendu du: "Irtenbideak atzeratzea baino ez du ekarriko". Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogora ekarri du Espainiako Gobernua 2013tik dagoela gutxiengoan —Rajoyrena aurrez, Sanchezena gero—, eta "Euskadin bizi den kontrastearen balioa" goraipatu du: "Bai bobernuaren erantzukizunetik, bai oposizioarenetik, zabalik daude elkarrizketarako ateak".

Urkulluk ez du aipatu jeltzaleek PSErekin egindako gobernuak ere ez duela gehiengo osorik, baina gogora ekarri du "2019ko aurrekontu-luzapenerako premiazko neurrien hiru lege laguntzaileak" onartu zituela atzo Eusko Legebiltzarrak. Oposizioko taldeen abstentzioak ahalbidetu zuen hori. Orain, bide horri jarraituko diotela azaldu du, eta eskerrak eman dizkie oposizioko taldeei.

EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak, berriz, PSOEren "kalkuluak" ikusi ditu hauteskunde deialdiaren atzean: "Sanchezek ekarri gaitu hona bere kalkuluen arabera. Bai hauteskunde deialdi honetara, bai aurrekontuak ez onartzeko egoerara". Beitialarrangoitiaren ustez, Sanchezek "zaila" dauka "errua" beste inori botatzeko: "Aurrekontuen negoziazioan, hitz egiten ere ez da saiatu babesak lortzeko". PSOEren gobernuaren legealdian "benetako pausoak baino, keinuak" nagusitu direla kritikatu du EH Bildukoak: "PSOE ez da benetako aukera bat eskuinaren hirukoaren [PP, Ciudadanos, Vox] aurrean".

Podemoseko diputatu da Madrilen Nagua Alba, eta Sanchezek egin gabe utziko dituenak nabarmendu ditu Euskadi Irratian: "Egia da zenbait neurri eta lan proiektu izateko bidean geratu direla; bereziki, euskaldunentzat garrantzitsuak direnak, eskumenen edo espetxe politikaren inguruan".

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, berriz, EAJri hartu dio kargu, Sanchez babestu izanagatik: "Negozio txarra egin du EAJk Sanchezekin, eta arduradun bakarra dago: EAJ bera".

ERC: "Hautetsontziei beldurrik ez"

Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzia hasi den aste berean iritsi da hauteskunde aurrerapena, eta datozen asteetan ere emango du zer esanik auzi horrek. Belgikatik, PSOEren jarrera kritikatu du Carles Puigdemont Kataluniako Generaliteteko presidente ohiak, eskuin espainiarrarekin alderatuz: "Beraz, ikusten da baietz, PSOE ere manifestatu zela Madrilen hauteskunde aurreratuak eskatzeko".

ERCko Joan Tarda diputatuak, berriz, ziurtatu du ez dietela "beldurrik hautetsontziei". Justizia Jauregiaren kanpoaldean egin ditu adierazpenak, urriaren 1eko erreferendumaren egunean zauritu zuten herritar baten auzia jarraitzera joana baitzen: "Ez diegu beldurrik hautetsontziei, hortxe borrokatuko dugu faxismoaren aurka". Sanchezen gobernuarekin hasitako bideak emaitzarik ekarri ez duen arren, Tardak "elkarrizketaren alde" egiten jarraituko dutela esan du, "autodeterminazioaren ariketa posible izan dadin".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.