Bihar Berrian

Bertako pasta, lurra eta elikadura zainduz

Italiar jatorriko produktua da pasta, mundu osoan kontsumitzen bada ere. Euskal Herrian ere badaude pasta ekoizleak, eta haietako hiru ezagutuko ditugu bihar ‘Bizigiro’ gehigarrian.

Pasta Martinelli Mikrokooperatibak Beriainen (Nafarroa) du lantegia. IñIGO URIZ / FOKU
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko otsailaren 15a
12:00
Entzun

Energia iturri handiko elikagaia da pasta; osagai, kolore, forma eta ezaugarri ugaritakoa izan daiteke. Ontziratutako pasta lehorra da seguru asko gehien kontsumitzen dena, atzerrian ekoitzitakoa eta supermerkatuan erosia. Baina Euskal Herrian ere badira pasta ekoizleak, eta haietako hiruren berri emango du bihar Bizigiro gehigarriak. Bakoitzaren ibilbidea jorratuko du, baita elkarbanatzen dituzten zenbait balio ere, hala nola, osasuna eta ingurumena zaintzeko ardura. Errezeta batzuk ere emango dituzte ekoizleek.

Gastronomiaren atalean, berriz, Bilboko Bohemian Lane gozotegi ekologikoa aurkeztuko du gehigarriak. Gozo beganoak ekoizten dituzte bertan, animalia jatorriko osagairik ez dutenak, alegia. Gozotik nola, gazitik jateko aukera ere bada Bohemian Lanen, arrautzarik gabeko tortillak ere egiten baitituzte.

Zinemak ere izango du tartea gehigarrian; aste honetan Karyn Kusamaren Destroyer filma jorratuko du Gontzal Agotek. Nicole Kidmanek gorpuzten du filmeko protagonista; iraganeko mamuek eragingo dioten polizia baten rola jokatuko du.

Azkenik, asteburuko ekitaldien errepasoa egingo du Bizigiro-k; tartean, Uztaritzeko (Lapurdi) Hartzaro festibala izango du hizpide. Udaberriari ongietorria egiteko ospakizunetan murgildu dira jadanik herrian. Martxoaren 5a izango da egun handia, inauterietako asteartea, baina datozen egunetan ere izango da zertaz gozatua; hitzaldiak, kontzertuak eta ikuskizunak izango dira, besteren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.