Espainiako bozak

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ezetz erantzun diote Barkosen proposamenari

Gorteetara zerrenda bateratua eramateko proposamena luzatu die Barkosek lauko indarrei, Nafarroako "autogobernua" defendatzeko. Ahal Dugu-k ezezkoa erantzun dio, eta Ezkerrak ere hala egingo du "printzipioz".

Uxue Barkos, gaur, kazetariekin. BERRIA
2019ko otsailaren 15a
18:04
Entzun

Pedro Sanchezek Espainiako Gorteetarako hauteskunde eguna iragarri eta gero, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak dei egin die laukoa osatzen duten alderdiei–Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrari– boz horietara "ordezkaritza bateratua" eraman dezaten. Komunikabideei egindako adierazpenetan, Barkosek adierazi du lau indarrek erakutsi duten elkarrizketarako gaitasunak "gobernu sendoa" bermatu dutela Nafarroan, eta formula bera bilatu beharko luketela Espainian ere "Nafarroako autogobernuaren eta proiektu aurrerakoi baten aldeko defentsa sendoa egiteko". Haren ustez, "ezinbestekoa" da laukoa osatzen duten alderdiek akordiorako gaitasuna erabiltzea Gorteetarako bozei begira  zerrenda bateratua aurkezteko. Elkarrekin aurkezteko formulaz galdetuta, Barkosek ez du zehatasunik eman, eta alderdi bakoitzaren esku utzi du proposamenak egiteko aukera.

Kezkatuta mintzatu da Barkos Espainiako bozei begira ireki den abagune politikoaz, Nafarroako autogobernua "arriskuan" ikusten duelako. Sanchezek Espainiako hauteskundeak aurreratzeko hartutako erabakiaz penatuta mintzatu da. "Egun oso tristea da, eta uste dut alderdi sozialistak zentsura mozioaren salbetan gastatu zuela bolbora guztia".

Koldo Martinez Geroa Bai-ko eledunak ere hizpide izan ditu Espainiako bozak, eta baita Barkosek laukoari egindako proposamena ere. Martinezek bat egin du hauteskunde horietan "ahalik eta batasun handienarekin" aurkezteko proposamenarekin,  "autogobernua, foralitatea eta ideia progresistak" defenditzeko ezinbestekoa delakoan. Barkosek egindako eskaintza "zabala, gardena eta irmoa" dela azaldu du Martinezek.  "Estatuko eskuineko alderdien jarrera eta foralitatearen aurkako erasoak ikusita, autogobernuaren eta foralitatearen defentsan ahalik eta batasun handiena bilatu beharko genuke Kongresuan eta Senatuan", esan du.

Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren ezezkoa

Ezkerrak eta Ahal Dugu-k, ordea, azkar eman diote ezezkoa. Marisa de Simon Ezkerrako parlamenatari eta idazkari nagusiak esan du, "printzipioz", ez dutela Barkosek proposatutakoari erantzun baikorrik emateko asmorik. "[Espainiako] Estatu osorako proposamen komuna" izango dutela azaldu du: "Ezker ez-nazionalista sendoa izan nahi dugu".

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Eduardo Santosek, berriz, erantzuna "oso argi" dutela esan du: ezezkoa. "Formula hori duela hiru urte ere planteatu zen, eta ez zen bideragarritzat jo". Santosek azaldu du "logikoa" dela Nafarroan "aldaketa eremu bat" bultzatzea, baina ziurtatu du Podemos dela Espainian hori "lideratu dezakeen bakarra".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.