Espainiako bozak

Hirugarren aldiz, lau urtean

Bipartidismoaren porrotak Kongresuan gehiengoak osatzeko ezintasun ziklo bat zabaldu zuen 2015ean. Hego Euskal Herrian hilabete batean bi aldiz daude deituta herritarak bozetara.

Afixak Bilbon, 2016ko hauteskunde kanpainan. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
jon ordonez garmendia
2019ko otsailaren 15a
18:11
Entzun

Apirilaren 28an Hego Euskal Herrian egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak lau urtean egiten diren hirugarrenak izango dira. Espainiako Konstituzioa onartu ondoren gobernua aukeratzeko lehen bozak 1979an egin ziren, eta harrezkero hiru edo lau urtean behin egin izan dira. Azken urteetan, ordea, egoera politikoa nahastuta dago Espainian, eta horrek, orain arte ez bezala, gehiengo sendoak lortzeko zailtasunak ekarri dizkie bai PSOEri baita PPri ere. 1980ko hamarkadatik Kongresuko diputatuen %80 bereganatzen zituzten bi alderdi horiek, baina azken urteetan bien artean %60 izatera jaitsi dira eta 2015eko hauteskundeetan ozta-ozta iritsi ziren boto guztien %50 izatera.

Ezegonkortasun ziklo honetako lehen bozak izan ziren 2015eko horiek. Mariano Rajoyk gehiengo osoa jaso zuen 2011ko bozetan, eta legegintzaldi horretan nahieran gobernatu zuen, beste alderdi guztiak gutxietsiz. 2015eko bozak ere Rajoyk irabazi zituen, baina ez gehiengo osoz, eta horrek aukerarik gabe utzi zuen babesa jasotzeko garaian. 2014an eta 2015ean Podemosek eta Ciudadanosek Espainiako egoera politikoa irauli zuten bipartidismoa hautsiz. Diskurtso berritzaile bat zekarten biak, politika zaharra berritzeko nahia, eta PPren ustelkeria zama handiegia zen inork Rajoyri babesa emateko. Pedro Sanchez saiatu zen orduan babesa lortzen, eta aurkeztu ere aurkeztu zen inbestidura saio batean. PSOEk eta Ciudadanosek akordio bat sinatu zuten, nahiz eta Kongresuan gehiengorik ez izan, Rajoyren aurrean beste norbaitek babestuko zuelakoan Sanchezen hautagaitza. Podemosek, ordea, uko egin zion Ciudadanosekin akordio bat egiteari. Sanchezen inbestidura 2016ko martxoaren 2an eta 4an bozkatu zen eta ez zen aurrera atera.

Horren ondoren, ekainaren 26rako deitu zuten bozetara berriro. Beste behin PPk irabazi zituen, Rajoy hautagai zela, baina aurreko urteko emaitzen antzekoak izan ziren orokorrean, eta ezintasun berarekin egin zuen topo. Azkenean, ordea, PSOEk Rajoyren inbestiduran abstenitzea erabaki zuen, eta horrek bideoa eman zion horri presidente izateko Ciudadanos, Coalicion Canaria, Foro Asturias eta UPNren babesarekin. Ez zen legegintzaldi lasaia izaten ari, gehiengo nahikorik ez zuelako Rajoyk, baina ia bi urtez irautea lortu zuen PPk Espainiako Gobernuan. 2018ko maiatzean, ordea, Gurtel auziaren epaiak astindu egin zuen egoera politikoa adieraziz PP ustelkeria sare bat zela, eta legez kanpo finantziatu eta aberastu zela. Sanchezek hori baliatu zuen zentsura mozioa aurkezteko, eta Rajoyren kontra zeudenen alderdien botoekin (PP eta Ciudadanos ez beste guztiak) atera zen presidente.

Pedro Sanchezek ere gutxiengoan gobernatu du azken bederatzi hilabeteetan. Podemosen babesa izan du, baina hori ez da nahikoa izan, berak hala nahi bazuen ere, legegintzaldia amaitzeko. Rajoyk PPren presidentetzat utzi ondoren, Pablo Casadok hartu du eta horrekin tentsioak gora egin du. Lehen ez bezala, PPk beste bi alderdirekin du lehia orain eskuineko botoa bereganatzeko, eta Vox eskuin muturreko alderdiak Andaluziako hauteskundeetan izan zituen emaitzak, eskuinerago eraman ditu Ciudadanos eta PP bera. Sanchezen erronka handiena, gainera, Rajoyk Kataluniarekiko izan zuen poltikaren aurrean beste zerbait eskaintzea izan da, eta lortu ez badu ere, egin dituen mugimenduak nahikoa izan dira PPk eta Ciudadanosek "traidore" esan eta asaldura hauspotzeko.

Espainiako Gobernuak Katalunian bitartekari lanak egiteko errelatore bat proposatu ondoren, Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldiko manifestazioen pareko batera deitu zuten bi alderdi horiek. Espainiako Poliziaren arabera 45.000 lagun elkartu ziren Madrilen mobilizazio horretan, eta antoaltzaileek espero zituztenak baino gutxiago izanagatik, garbi uzten zuen horrek zein izango zen oposizioaren estrategia Sanchez higatzeko. Hala ere, hauteskundeetara berriro, lau urtean hirugarren aldiz deitu behar izanaren arrazoi nagusia ez da hori, baizik eta Sanchezen gobernuak 2019ko aurrekontuak aurrera ateratzeko ezintasunak. ERCren eta PDeCATen babesa galduta, aurrekontuari aurkeztutako osoko zuzenketak aurrera atera ziren asteazkenean, eta harrezkero bolo-bolo ibili da berriro hauteskundeetara deitzeko aukera.

Ikusteko dago orain zer gertatzen den apirilaren 28ko bozetan. 2016koetan inoizko parte-hartzerik txikiena izan zen (%66,48). Oraingo hauek, gainera, Pazko astearen amaieran egingo dira, eta ikusteko dago nola eragiten duen kanpaina opor garaian izateak. Andaluziako haueskundeetan ezkerreko botoemaileen abstentzioari egotzi zitzaion eskuinaren gorakada, eta Sanchezek orain hori baliatu nahiko du ezkerrekoak mobilizatzeko eta botoa polarizatzeko. Kontutan hartu behar da, hala ere, Kongresuan eta Senatuan eserlekan banatzeko Espainian erabiltzen den sistemak, D'Hont izenekoak, probintzi bakoitzean boto gehien lortzen dituzten alderdiak saritzen dituela, eta boto zenbaketa orokorrean laugarren edo bosgarren indarra izateak ez duelako askorik balio boto kopuru hori ez badago probintzia batzuetan kontzentratuta.

Espainiako Gorteetarako hauteskunde hauek, gainera, udal, foru eta Europarlamenturako hauteskundeetarako hilabete bat baino gutxiago falta denean egingo dira. Maiatzaren 26an bozkatuko dute hilabeten batean bigarren aldiz Hego Euskal Herriko herritarrek (Iparraldekoak Europako hauteskundeetara ere deituta daude), eta ikusteko dago horrek eraginik izan ote dezakeen. Maiatzeko hauteskundeetan, besteak beste, Nafarroako Gobernua egongo da jokoan. Espainiako Gorteetarako ez bezala, udal eta foru hauteskundeetan beste gai batzuk egoten dira mahai gainean eta beste joera batzuk antzematen dira boto-emaileen artean. Hain denbora gutxian bi aldiz botoa emateak, ordea, eragina izan dezake, besterik ez bada, kontra egiteko edo zenbait joera neurtralizatzeko bada ere.

Edozein kasutan garbi dago Espainian amaitu dela trantsizioaren ondoren bipartidismoaren ondoren izan zen giro politiko egonkorra. PSOEk eta PPk galdu dute estatus hori, eta CiU desagertuta eta Katalunian irtenbide politiko bati bizkarra emanda, garai batean gehiengoak osatzeko zituzten aliatuetatik EAJ geratzen zaie. Azken urteetan jeltzaleek ez dute eragozpenik izan ez Rajoyrekin ezta Sanchezekin aurrekontuak negoziatu eta zenbait eskumenen truke babesa emateko. Horretarako, ordea, gehiengoak osatzeko garaian erabakigarriak izatea behar dute eta hori ere zaildu egiten zaie Kongresuaren osaketa atomizatuta. Jeltzaleek parlamentari bat irabazi zuten 2015eko bozetan (Geroa Bai-k 2011n lortu zuena galdu zuen), eta galdu egin zuten 2016koetan. Bost ditu orain. EH Bilduk 2015ean bi eskuratu zituen, 2011n Amaiurrekin eskuratutako 7 eserlekuetatik urrun, eta bi horiek mantetzea lortu zuen 2016an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.