Klima aldaketa

Milaka ikaslek greba egin dute Erresuma Batuan, klima aldaketaren aurkako neurri eske

60 hiri baino gehiagotan irten dira ikasleak kalera. Gobernuari eskatu diote larrialdi klimatikoa ezartzeko, eta neurri zehatzak hartzeko klima aldaketaren aurkako borrokan.

Gaur Londresen egindako protestan irudi bat. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
2019ko otsailaren 15a
07:38
Entzun

Klima aldaketaren aurkako protestak zabaltzen ari dira munduan. Gaur dozenaka mila ikaslek Erresuma Batuko hainbat herri eta hiritako kaleak hartu dituzte, ikastetxeetan antolatutako greba baten harira. Londresen kasuan, esate baterako, parlamentauren aurrean elkartu dira ikasleak, Klima aldaketarik ez!, Gure planeta salba dezagun eta Garaiz gaude bezalako leloak zituzten pankartak eskuetan hartuta. Youth Strike 4 Climate (Gazteak greban, klimaren alde) elkarteak antolatu ditu ekitaldi jendetsuak. Ikasleek agintariei eskatu diete hasteko lanean, 30 urte "galdu" baitituzte neurri eraginkorrik hartu gabe.

Claire Perry Energia ministroak adierazi du berak ere parte hartuko zuela ekitaldian, duela 40 urte egin bazen. "Arrazoia dute esatean neurriak hartu behar direla, euren belaunaldia delako ondorioak jasango dituena".

Bi milioi sinadura Frantzian

Bestalde, Mendeko auzia deitu zaion ekimena jarri dute martxan Frantzian. Hain zuzen ere, 2,1 milioi sinadura bildu dituzte justiziari eskatzeko gobernuaren aurkako neurriak har ditzan, klima aldaketari aurre egiteko behar bezainbeste ez egiteagatik. Sekula Frantzian egindako sinadura bilketarik handiena izan da hau. Hain zuzen ere, Frantziako Gobernuak gaur erantzun die mugimendua martxan jarri duten lau gobernuz kanpoko erakundeei (Greenpeace, Oxfam, Nicolas Hulot fundazioa eta Notre Affaire). "Gobernu honek hartu ditu orain arteko neurririk anbiziotsuenak gai honetan, 2050erako karbono neutraltasuna ezarrita helburu gisa, hau da, zero isurketa CO2", erantzun die François Rugy Trantsizio Ekologikoko ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.