Osasuna

Asteotan Gasteizen zazpi legionela kasu atzeman direla eta, sorburua argitu nahian dabil Osakidetza

Bi pertsona erietxean daude oraindik, baina hobera ari dira; gainerakoak, sendagiria hartuta, jada ez daude ospitalean.

jarraia162933.jpg
arantxa iraola
2019ko otsailaren 16a
08:42
Entzun

Urtarriletik hona zazpi legionela kasu atzeman dituzte Gasteizen, eta prentsa ohar batean egoeraren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Kasu guztiak lotzen dituen aldagairik ez dute atzeman oraindik Osakidetzako arduradunek, baina buru-belarri ari dira iturburua zein den argitu nahian. Halakoetan ohi denez, hozte sistemetako dorreetan eta apaingarri gisara erabiltzen diren iturrietan ari dira aparteko arta jartzen; izan ere, legionelaren bakterioa usu egoten da horrelako tokietan. Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak protokolo bat du, propio, halakoetarako; horixe dago indarrean.

Oraindik, ordea, ez dute argitu deus. "Gaur arte, egindako analisi guztiek emaitza negatiboak izan dituzte", adierazi dute osasun arduradunek. Legionela ez da pertsonen artean kutsatzen; arnastuta iristen da bakterioa pertsonetara. Inkubatze aldia, normalean, bi aste baino laburragoa izaten da. Osasun Sailak azaldu du kasuon "bilakaeraren berri" emango duela, eta bestelako neurriren bat hartu behar bada jakinaraziko duela.

Iaz bakterio horrek 118 pertsona eritu zituen EAEn; 18 kasu izan ziren Araban, 54 Gipuzkoan, eta 46 Bizkaian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.