Katalunia

Autodeterminazioa eskubidea dela aldarrikatu dute milaka lagunek Bartzelonan

Antolatzaileen arabera, milioi erdi lagunek bete dituzte Bartzelonako kaleak. Protestaren buruan joan dira Quim Torra Generalitateko presidentea, Roger Torrent Parlamentuko burua eta Elisenda Paluzie ANCko presidentea, besteak beste. Hilaren 21erako greba orokorrerako deia egin dute.

arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 16a
07:39
Entzun

Bartzelonako Espainia plazatik irten eta Unibertsitate plazaraino joatea zen hasierako asmoa. Baina jendetzak bete egin ditu bi plazen arteko 3,5 kilometroak eta martxa zena elkarretaratze erraldoi bilakatu da. Antolatzaileen arabera, milioi erdi lagunek egin dute bat protestarekin —200.000 udaltzaingoaren esanetan—. Deitzaileen artean, berriz, JxC Junts Per Catalunya, ERC, CUP eta Omnium eta ANC elkarteak.

Arratsaldeko 17.00etan zen hitzordua, baina askoz lehenago bete dira Espainia plaza inguruko kaleak. Protestarekin bat egin dutenen artean izan dira Quim Torra Generalitateko presidentea bera edota Roger Torrent Parlamentuko burua. Torrak eskerrak eman dizkie hara bildutakoei eta gogorarazi du autodeterminazioa ez dela inork baimendu beharrekoa eskaera bat eskubide bat baizik.

Generalitateko buruak astelehenean Bruselan eskaintzekoa duen hitzaldiari ere egin dio erreferentzia —Europako Parlamentura joatekoa da Carles Pugdemont presidente ohiarekin batera, baina eskuineko alderdiek eskatuta Parlamentuak bertan behera utzi du agerraldia—, eta ohartarazi du eskuinak ez dituela isilaraziko: "Parlamentuan sartu ezin badugu, areto handiago batera joko dugu".

Martxan zehar preso politikoen aldeko eta epaiketaren aurkako oihuak izan dira nagusi. Baina baita Euskal Herriarekiko elkartasun mezu ugari ere, besteak beste, Altsasuko gazteen aurkako epaia salatuz.

Protesta amaieran, Omniumeko eledun Marcel Maurik dei egin die Espainiako demokratei ez diezaioten utz eskuin muturrari "demokrazia bahitzen". "Oinarrizko eskubideak babestea, Kataluniaren autodeterminazio eskubidea babestea, Espainiako demokraziaren alde egitea da". Maurik ohartarazi dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari ere "Vox-en fiskal lana" egiten badu, desobedientziarekin erantzungo diotela.

Manifestazioan egoterik izan ez badute ere, erbestean eta espetxean dauden hainbat buruzagi subiranistek sare sozialak baliatu dituzte elkartasun mezuak helarazteko. Horietako bi izan dira Oriol Junqueras kargugabetutako presidenteordea eta Marta Rovira diputatu ohia.

Datozen hitzorduak

Iragarrita zegoen aurrez ere, gaurkoa Kataluniaren aldeko "lehen" manifestazio erraldoia izango zela, eta aurrerago etorriko zirela beste batzuk. Horiei izena eta data jarri die Elisenda Paluzie ANCko buruak. Otsailaren 21eko greba orokorra izango da lehena eta martxoaren 16an Madrilen egingo duten manifestazioa bigarrena. "Estatuko hiriburura joango gara, epaiketa lotsagarri hori egiten ari diren tokira. Lan egingo dugu, ez dugu etsiko eta irabaziko dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.