Zinema

'Synonymes' filmak jaso du Berlinaleko Urrezko Hartza

Israeldik Parisera alde egin zuen Nadav Lapid zuzendariak gaztetan, eta orduan izandako bizipenetan oinarritzen da filma. Bigarren sari nagusia 'Grâce à Dieu' -rentzat izan da.

Nadav Lapid zuzendaria. FELIPE TRUEBA
Miren Garate.
2019ko otsailaren 16a
21:39
Entzun

Faborito argirik gabe joan da Berlinaleren 69. aldia, eta, azkenean, Nadav Lapid israeldarrak zuzendutako Synonymes lanak jaso du film onenaren Urrezko Hartza. Egoera politikoagatik Israel utzi, eta Parisera erbesteratu zen zuzendaria gaztetan. Orduko bizipenak ardatz hartuta osatu du filma. Zuzendariaren hirugarren lana da.

Bigarren sari nagusia, hau da, epaimahaiaren sari berezia, François Ozonen Grâce à Dieu lanarentzat izan da. Lyongo parrokia batean umeek hainbat urtean jasandako sexu gehiegikeriak kontatzen ditu. Gertaera errealetan dago oinarrituta hura ere; hain zuzen, urte amaieran izango da abusu horiek egitea egozten dioten apaizaren aurkako epaiketa. Laster estreinatuko dute filma Ipar Euskal Herrian eta Frantzian.

Aktore gizonezko eta emakumezko onenaren sariak izan dira adituen artean adostasun handiena eragin dutenak, hurrenez hurren, Wang Jingchun eta Yong Mei txinatarrentzat izan dira, Di jiu tian chang filmean egindako lanagatik. Zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Angela Schenelecek jaso du, Ich war zu Hause, aber filmagatik. Alfred Bauerren izena daraman Zilarrezko Hartza, hau da, zinemagintzaren artean ikuspegi berriak irekitzea aitortzen duena, Nora Fingscheidten Systemsprenger-entzat izan da.

Lehian aritu diren filmen kalitate kaskarra nabarmendu dute adituek. Sari-banaketako galaren amaieran, omenaldia egin diote Dieter Kosslick orain arteko zuzendariari. Juliette Binoche epaimahaiko aurtengo presidenteak peluxezko hartz handi bat eman dio. Ekainaren 1etik aurrera, Carlo Chatrian italiarra izango da zuzendaria.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.