Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Horiz jantzi dute Donostia

Milaka lagunek egin dute bat Gure Esku Dago-k antolatutako manifestazioarekin. Angel Oiarbidek ohartarazi du Madrilen egiten ari diren epaiketan auzitan jartzen ari direna erabakitzeko eskubidea dela. Bideoa albiste barruan.

Juan Carlos Ruiz/Foku

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko otsailak 17

Aterki eta zapi horiz bete dituzte Donostiako kaleak, Gure Esku Dago-ren deialdiari erantzunez. KOnponbidea, Democracia, Llibertat lelopean erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta Madrilen Kataluniako buruzagi subiranisten aurka egiten ari diren epaiketa salatu dute.

Milaka izan dira eguerdiko 12:00etan jarritako hitzorduari erantzun diotenak, eta aurrez antolatzaileek banatutako aterki horiak eskuetan, demokraziaren aldeko martxa parte hartu dutenak. 

 

Manifestazio hasi baino minutu batzuk lehenago Angel Oiarbidek Gure Esku Dago-ko bozeramaileak hartu du hitza eta ohartarazi du Madrilen egiten ari direna ez dela soilik hamabi buruzagi subiranisten aurkako epaiketa edota Katluniako erreferendumean parte hartu zuten herritarren kontrakoa, erabakitzeko eskubidearen aurkakoa, baizik. "Ez dugu ahaztu behar bozkatzea ez dela delitu, eta demokrazian ezin dela demokrazia epaitu". 

Epaiketa hasi baino lehenagotik ere elkartasun mezuak ugari izan dira Euskal Herritik. Joan den astelehenean, esaterako, alor ugaritako 68 herritarrek konponbide politikoaren aldeko manifestu bat sinatu zuten Gure Esku Dago-ren ekimenez. Sinatzaileen artean daude Onintza Enbeita bertsolaria, Daniel Innerarity filosofoa, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Pili Kaltzada, Elixabete Garmendia, Mariano Ferrer, Martxelo Otamendi eta Julen Telleria kazetariak.